Komunikazioa. Ekografiak

Substantziaz (koldarkeriatik)

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Bizpahiru egun mundutik kanpo eman, eta, igandean, oinak zoruaren gainean jartzen saiatutakoan, zaplastekoak bata bestearen atzetik eman zizkidatela sentitu nuen. Gaueko albistegien artean osatutako zappingean, albisteak ez baitziren albiste. Kontakizun gisako iritzien segida amaigabeak haurrentzako kate bateko filmera eraman ninduen, buruz behera.

Astelehena ere, atzo, goitik beherako euri deserosoak esnatu zuen. Azken Argia berreskuratu, eta Antonio Alvarez Solisek deabruaren abokatuari: «Kazetaritzak substantzia galdu du, enpresen menpe dago, egitura finantzarioen parte da. Hedabideak merkantilizatu direnetik, zuzendariak administrazio kontseiluen txotxongiloak dira, eta arlo ekonomikoak agintzen du». Kafearekin batera, Maria Gonzalez Gorosarri kazetariaren adierazpenak, albisteen kalitatea: Euskadi Irratia, ETB1 eta Euskaldunon Egunkaria / BERRIA (Research on Basque Media's News Quality) tesiaren ondorio gisa: «Titularretan eta hedabideetako lehen orrietan, gizarte sailak gero eta tarte handiagoa hartu du. Gizarte sailaren tamaina handitu duten albisteak, ordea, ez dira gizartean eragiteko albisteak, eta ez dira gizarte mugimenduek sortutakoak. Albiste estatikoak dira, arinak: ezbeharrak, hondamendi naturalak, ikuskizunak, irudiaren bidez sartzen direnak... ez dira albisteak... ez daukate albiste edukirik. Ez dakizu zer ikusten zabiltzan, edo albistegiak edo Euskadi Directo. Hedabide idatzietara ere joera hori heltzen ari da. Ezbeharrek leku handia daukate, batez ere irudia badute».

Laginak lagin, gertukoa egoera orokortzat hartu nuen, egoera orokorra gertukotzat. Munduko txoko bakoitzean sortu dugu Euskadi Directo bat. Baita bi ere. Gustatu egiten zaigu. Hori da guretzat, ikus-entzuleontzat, albistegia, egun. Badakizu, manipulazioaren eredu perfektua: norbaitek nahi duena inposatzea, benetan, norberak desio duena dela pentsatzeraino. Izan ere, egoera irauli nahi bagenu, izango genuke horretarako aukerarik? Bakarlari bati entzun nion behin, ez dagoela patuari, zoriari eta munduari errua egoztea baino koldarragorik... Eta hor jarraituko duzu zuk, albistegiaren hondarrean, mami gabeko albiste estatikoei so. Esango dizu, azken egunak gaiari eskaini dizkiotenez, emanaldiaren amaiera perfektua bildutako irudi esanguratsuenen laburpena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.