Bilboko Aste Nagusia

Suek eta festak itsasadarrean egiten dute bat

Gero eta gehiago dira Aste Nagusiko su festak itsasadarretik ikustea aukeratzen duten bilbotarrak zein bisitariak

Bilbo
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Itsasadarreko ertzak, Areatza eta Etxebarria parkea izaten dira Aste Nagusiko su festak ikusteko bilbotar zein bisitari gehienek hautatzen dituzten tokiak. Gutxi batzuek, berriz, txalupa batera igo, eta itsasadarraren erditik ikusi ohi dituzte. Herenegun afalostean, esaterako, dozenaka itsasontzik betetzen zuten Zubi Zuriren eta Udaletxeko zubiaren arteko ibai tartea.

Jaietako egun guztietan bezala, herenegun gauean ere Amstel enpresak su festak Bilboko itsasadarretik ikusteko aukera eman zien zenbait bezerori. 22:00 aldera, itsasontzia Ibaizabalen behera abiatu zen, eta tripulazioak hiriko eraikinek gauean eskaintzen duen itxura magikoaz gozatzeari ekin zion: Zubi Zuri, Isozaki dorreak, Guggenheim museoa, Deustuko zubia eta Euskalduna jauregia ikuskatu zituzten, hurrenez hurren, Zorrotzaurre parean itzulerako bidea hartu zuten arte. Bidaldiak iraun zuen bitartean, hainbat txaluparekin gurutzatu zen Ibai Alai itsasontzia, eta une horietako bakoitzean elkar agurtzeko aprobetxatzen zuten tripulazioetako partaideek, alai eta umoretsu. Izan ere, musikak jai giroan murgiltzeko aitzakia eman zien behin-behineko marinelei.

Modako doinuei jarraikiz dantza egiten zuten lagunen artean zeuden Maria Elena Mendiola eta Pablo Ponce ama-semeak. Caracaskoa izan arren (Venezuela), guraso bizkaitarrak ditu Mendiolak, eta duela hamar urte bizi da Bilbon. «Liluraturik» zegoen suak itsasadarretik ikusteko aukerarekin: «Hainbat itsas bidaia egin ditut, asko gustatzen zaizkidalako, baina Bilboko ikuspegi hau ez nuen ezagutzen». Ponce ere iritzi berekoa zen. «Su festa Etxeberria parkean ikus daiteke, edo zubietako batetik, baina inon ez dituzu ikusiko hemen bezala».

Zerua bete kolore

Zubi Zuriren azpitik berriz igarotzean, itsasontziak abiadura moteldu zuen, Udaletxeko zubira heldu aurretik guztiz gelditu arte. Han ikusi zuten Arabako FML pirotekniak prestatutako su festa: bikoteek elkar besarkatu zuten eta kuadrillek ohiko txistu, txalo eta txantxak egin zituzten suzirien burrunbak Bilboko zerua betetzen zuen bitartean. Ikuskizuna bukatzean, Euskalduna zubiraino joan-etorria egin zuten beste behin, gauerdi aldera txangoari bukaera emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.