Maratila

Sukaldariaren malkoa

Xabier Etxaniz Rojo.
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Sukaldariak botila bat cava katalana atera zuen hozkailutik eta sukaldeko bazter batean eseri zen. Kanpoan, kilkerren hotsa baino ez. Jangelan, mahaiak prest hurrengo bazkaltiarrak hartzeko. Sukaldean, lapikoek eta zartaginek apaletan hartzen zuten atseden.

Sukaldariak botila zabaldu zuen. Danbatekoa, tiro bat bailitzan, jatetxeko bazter guztietan entzun zen.

Baina han ez zegoen pistolarik, ezpada botila bat cava, zabaldu berria.

Sukaldariak basokada bat zerbitzatu zion bere buruari, kontu handiz, aparrak gainezka egin ez zezan. Ez zuen ezer zikindu nahi. Bestela ere, nahikoa lan zeukan bere emozioak jasotzen.

Tragoxka bat edan zuen eta burbuilek eztanda egin zioten eztarrian. Baita buruan ere. Eta bat-batean iraganeko porrot guztiak hurbildu zitzaizkion sukaldera. Behin baino gehiagotan saiatu zen afaltiar mizkin haien guztien gustua egiten, baina arraina zela eta okela zela, saltsa zela eta gatza zela, inoiz ez zuen asmatu. Gogoratu zuen Prozesua txilindron erara hura, mimoz prestatu arren oso-osorik zakarretara bota zutena. Eta gogoratu zituen Lizarrako akordio eta zainzuri haiek, mahaiaren gainean geratu zirenak. Lastima!

Jarraian bere alabekin oroitu zen. Denbora gehiegi zeraman haiek ikusi gabe eta malko batek ihes egin zion. Erlojuari begiratu zion. Berandu zen. Beranduegi. Azken tragoa edan eta bere gauzak jaso ondoren etxerako bidea hartu zuen.

Lan handia zeukan hurrengo egunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.