Denok dakigu barazkiak ezinbestekoak direla egunerokotasunean, baina maiz ez ditugu kontsumitzen gure gorputzak behar adina. Elikadura orekatua izan dadin, frutarekin batera, egunean bost errazio edo anoa kontsumitzea beharrezkotzat jotzen dute (2-4 fruta ale egunean, eta, horren arabera, plater 1-2 barazki edo entsalada). Horregatik, gaur, elikagai horien garrantziaz hitz egin eta haiek dastatzeko modu erakargarri eta errazak aipatuko ditugu.
Zergatik dira elikaduraorekatuaren giltza?
Ur kopuru handia dute beren osaketan: gorputza hidratatu eta toxinak kanporatzen laguntzen dute.
Zuntzean aberatsak dira: zuntzak gure hesteen mugikortasuna erregulatzen du; idorreria ekidin eta zuzentzen du.
Bitamina eta hainbat gaixotasunengandik babesten gaituzten elementu fitokimikoen iturri garrantzitsuak dira: B taldeko bitaminak, C, A eta E bitaminak. Barazki bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu, osagai desberdinak eskainiz. Horregatik, gure dieta aberatsa eta osatua izateko, mota askotako barazkiak kontsumitzea oso garrantzitsua da.
Antioxidatzaile iturri dira: minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak eta endekapenezkoetatik (zelulen zahartzearekin lotutakoak) babesten gaituzte.
Gehiegizko likidoa kanporatzen laguntzen dute: potasio ugari eta sodio gutxi dutenez, gure gorputzari gernuaren bitartez likidoa eta beste toxina batzuk kanporatzen laguntzen diote.
Ez dute ia koiperik: ahuakatea eta oliba izan ezik, besteek ez dute ia koiperik bere osaketan. Eta aipatutakoen koipea asegabea denez, onuragarria da kopuru jakinetan.
Aholkuak
Urtaroari dagozkion barazkiak kontsumitzen baditugu, askoz aberatsagoak izango dira aipaturiko nutrienteetan, eta ekonomikoki eskuragarriagoak izango dira.
Egosterakoan, ahal den ur gutxiena jarri kazolan. Ura irakiten hastean, bota barazkiak. Su bizian eta denbora gutxian egin, bitamina galerak ahal den txikienak izan daitezen. Barazkiak egositako salda ez bota inoiz, zopa, bexamela, patata purea, arroza eta abar prestatzeko erabili, nutrienteetan oso aberatsa baita.
Behar bezala izoztu, eta zero azpitik hemezortzi graduan eduki diren barazkiak freskoen ia propietate guztiak dituzte.
Ideiak
Esan bezala, oso garrantzitsua da barazki kontsumoa askotarikoa eta aberatsa izatea, bai barazki motari, bai prestatzeko moduari dagokionez. Tipula eta baratxuria egunero erabili beharko genituzke era askotako platerak prestatzeko, eta gainontzeko barazkiak aldatu: ziazerba edo espinakak, zerbak, txikoria (bere horretan, patatarekin, purean, egosi eta patata purea gainetik botata, bexamelarekin, ganbekin...); borrajak (aurrekoen antzera); kalabaza, kalabazina (kreman, pasta, arroza, lekaleei gehituz, tortillan pistoa prestatuta...); orburuak (urdaiazpikoarekin, arrautza egosiarekin, muskuiluekin...); baba eta ilarra (patatekin, pasta edo arrozarekin...); brokolia, aza, azalorea, Bruselako azatxoak, lonbarda (bere horretan, sagarrarekin, entsaladan, bexamelarekin...); lekak (patata eta azenarioarekin, arrautza egosita eta tomatearekin, txirla eta ganbekin); txanpinoiekin betetako berenjena edo kalabazinak.... Irudimenak ematen duen guztia da balekoa.
Aipatutako zerrendan gainetik ikusten bada ere, garrantzizkoa da era askotako janari platerak barazkiekin aberastea, bai nutrizio aldetik bai zapore aldetik. Esate baterako: pasta, arroza, arrautzak eta edozein haragi (xerra, solomoa, haragi bolak...) edo arrain mota (atuna, palometa, bakailaoa...) laguntzeko, tomate saltsa egin daiteke; tomate naturala erosi eta etxean prestatu saltsa, tipula, baratxuria, piperra, porruak, azenarioa, kalabaza, kalabazina... gehituz. Tomate saltsa askoz aberatsagoa izango da, eta aipatutako janariekin batera barazki ugari barneratzeko aukera eskaintzen du.
Lekaleak (dilistak, garbantzuak, babarrunak, soja...), arroza edo pasta prestatzeko garaian nahi adina barazki erabili. Adibidez: arroza edo pasta espinakekin. Badakigu haurren kasuan zaila izan daitekeela, baina helduentzat aukera bat da, eta haurrek ikusten badute, pixkanaka ohitura egokiak sustatzeko aukera eskaintzen du. Azenarioa eta kalabazina, ilarrak eta txanpinoiak beste aukerak dira. Helburua, betiere, barazkiekin aberastea da. Lekaleei: azenarioak, kalabaza, piperra, tipula, baratxuria, porrua... gehitu, eta haurrek errazago jan ditzaten, egositakoan barazki horiek pure egin.
Bigarren plateren lagungarri gisa ere, barazki anitzekin prestatutako garnizioak erabili daitezke: azenarioak, ilarrak, kalabazina, berenjena, txanpinoiak...
Entsaladak zenbat eta barazki gehiagorekin prestatu, orduan eta aberatsagoak dira: tomatea, letxuga edo uraza, erremolatxa, azenarioa, artoa, tipula, piperra, ahuakatea, orburuak...
Gogoan izan, zenbat eta barazki gehiago, orduan eta aberatsagoa, bai nutrientez, bai zaporez.
OSASUNA. Elikadura
Sukaldean urrezko tokia behar dute barazkiek
Edozein plateretan sar daitezke osagai gisa, era askotara prestatuak, eta osasunarentzat ez dago ezer hoberik. Bitamina, zuntz eta antioxidatzaileetan oso aberatsak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu