Jaungoikoaren bideak aldrebesak eta ulergaitzak direla maiz esaten badute ere, aitortu behar dugu ezen, Loiolako Erriberetako eliza berriari dagokionez behinik behin, dena argi eta garbi dagoela. Oraingoan, hala jainkozaleek, nola merkatariek, biek ala biek, jokaldi bikaina egin dute.
Bi mila urte inguru igaro dira Jesusek merkatariak harrika egotzi zituenetik elizatik. Han ez zegoen tokirik bekatarientzat eta Jesusek irmoki jokatu zuen. Haatik, hogei mende asko dira, gehiegi inondik ere, eta Jesusen oinordekoek ikasi dute pragmatikoak izaten. Artaldeak merkataria behar du. Merkatariak artaldea. Eta Jaungoikoak denak behar ditu. XXI. mendean egonda ez du zentzu handirik haserrearen hauspoari eragiten ibiltzea. Elkarrekin ondo moldatzea baldin badago, zein da arazoa?
Hori bai, ni hemen eta zuek hor.
Zehazkiago, Eliza goian eta merkatariak behean.
Eta halaxe egin zuten. Elizak eliza behar zuen Loiolako Erriberetan; merkatariek, berriz, supermerkatua. Elizak lurra zeukan—Donostiako udalak utzia, esan dezagun bidenabar— baina dirurik ez; merkatariek, dirua bai, baina lurrik ez.
Orain Elizak diseinuzko eliza bat dauka, eta bekatariek, supermerkatua. Ez dago onezkoak egitea bezalakorik.
Inaugurazio ekitaldirako supermerkatuak Carmen Lomana super-bekataria ekarri zuen, frikismo espainiarraren jainkosetako bat, alegia. Munilla gotzainari ez zitzaion gehiegi gustatu.
Artaldeak, berriz, txalo egin zuen.
Maratila
Superbekatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu