Plaza giro

Surfak piztutako herria

San Miguel Pro surf probak, kirolaz eta surflari profesionalez gain, musika, dendak, tailerrak eta janari postuak bildu ditu Zarautzen. Kiroletik haragoko festa dute kostaldeko herrian.

Surflari bat Zarauzko olatuetan dantzan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Zarautz
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
San Miguel Pro Zarautz surf txapelketaren erdia igaroa da. Europako surf txapelketa garrantzitsua da, eta herrian islatzen da hori. Malekoia zapaltzerako, agerikoa da giroa: surf eta skate oholak, uretarako neoprenozko jantziak, bainujantziak, txapelak... Ahoz aho dabil txapelketa. Eta, nola ez, jende mordoa dabil kalean. Terraza guztiak leporaino daude: lagun kuadrillak, aitona-amonak bilobekin... Surfa aitzakiatzat hartuta, kalean dira herritarrak, baita atzerritar mordoa ere.

Argiñano jatetxearen inguruan biltzen da txapelketaren azpiegitura. Parez pare, itsasoan, bi bula handi ikus daitezke, baita surflariak ere. Launaka dabiltza uretan. Aritz Aranburu eta Hodei Collazo herritarrak eta Txaber Trojaola Bakiokoa txalotu dituzte ikusleek, batez ere. Ilusioz txalotu dituzte haien olatuak, eta askok begirik ez diete kendu. Hondarretan eserita batzuk; hobeto ikusi nahian, zutik besteak. Tarteka, euriak zutiarazi ditu jarraitzaileak. Oihuak eta txaloak, hala ere, ez dituzte nahikoa izan etxeko surflariek. Ez da izan hiruren egunik onena, eta kalean geratu dira, bigarren errondan.

Surf txapelketaren harira jarritakoaz gain, beste bi gune ere badira jatetxearen inguruan. Kirolaz gozatzera jende asko joan da, baina beste askorentzat, surfa aitzakia baino ez da. Jende mordoa dabil itsasora begiratu ere egin gabe, inguruko dendatxoetan eta tabernan. Lehenengo gunean, hiru denda daude. Haietako bi pribatuak dira, eta hirugarrenean txapelketako arropa ofiziala dute salgai: elastikoak, jertseak, txapelak... Ikusmin handia dago, produktuen prezioetan beherapen interesgarriak baitituzte. Han dabiltza neskatoak eta mutikoak, lotsati, arropa begiratzen. Baita emakumeak ere, seme-alaba nahiz bilobentzako zer erosi erabaki ezinda. Denden aldamenean, Red Bull edari etxearen auto handi bat dago, eta hara igota, DJ bat, ekipo eta guzti, surf giroko musika jarriz. Aurrean, atzerritar talde bat bildu da, garagardoa eskuan hartuta, musikaren erritmoan gustura dantzan.

Euskaltelek antolatutako tailer bat ere badago gaztetxoentzat. Skaterako nahiz surferako oholak margotzeko aukera ematen diete, produktu bereziak erabiliz. Modu pertsonalizatuan apaindu ditzakete oholak. Gustura ari dira gazteak, eta margolanetako askok profesionalek eginak dirudite; ikurriñak, logotipoak... Mutiko bat uharte bat marraztera ausartu da: hondarra, ura, eguzkia, uretako eta lehorreko belar eta zuhaixkak. Lan ederra egin du.

Kontzertuak gauean

Jatetxearen beste aldean, agertoki handia dago. Han dira El Columpio Asesino taldeko kideak, soinu proba egiten: «Ahotsa jaitsi, mesedez! Gitarra igoidazu!». Soinu proba soila da, baina zenbaitek kontzertua dela ere esango lukete, ondoan prestatzen ari diren parrilladako keak ikuskizun efektuak sortzen baititu agertoki gainean. Gauerako parrillada prestatzen ari dira, eta keak eta handik ateratzen den haragi usainak gosea eragin die askori, baina afaritarako ordu batzuk falta direnez, garagardoarekin konformatu dira. Txapelketaren babesle ofizialak, San Miguel etxeak, taberna ipinidu agertokiaren aurrean, eta jenderik ez da falta barraren bueltan.

Agerikoa da gaua mugitua izango dela, askoren gozagarri. Musika, janaria eta edaria ez dira faltako, behintzat, eta eguraldiak laguntzen badu, gaua biribila izango da Zarautzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.