Surfaren olatuaren aparrean

Europan saltzen dituzte Oiartzungo Olatu tailerrean ekoizten dituzten pukas surf oholak. Munduko txapelketetan dabiltzan hainbat surflari profesionalek handik hartzen dituzte; herrialde askotako ohol egileek lan egiten dute eskuz egin behar den prozesu konplexuan.

Ilargi Agirre.
Oiartzun
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Lola Etxeko filosofiak bizirik jarraitzen du gaur egun Oiartzungo Olatu tailerrean (Gipuzkoa). Dena mugitzen da surfaren inguruan. «Itsasoan bainutxoa hartuta etorri gara ia guztiak lanera», esan du Aitor Molinak. Pukas markako surf oholak egiten dituzte bertan; munduan 13. postuan dagoen Gabriel Medina brasildarrak erabiltzen dituen oholak handik ateratzen dira.

Garai bateko komuna hippy baten gisan, olatuen arabera antolatuko lituzkete gustura lanorduak, baina ekoizpen erritmoak ez die uzten. Merkatuak agintzen du. Egunero 40 surf ohol egiten dituzte, eta urtean 8.000. Prozesu luzea da eta ia urrats guztiak eskuz egiten dituzte. «Ez ditugu bi ohol berdin ekoizten».

Foama da oholak egiteko ezinbesteko lehengaia. «Materiala ez da aldatu urte hauetan guztietan; formak eta tamainak izan dute bilakaera». Prozesuaren hasieran formarik eta lixatu gabe dauden oholek antzik batere ez dute merkaturatzen direnekin. Gelaz gela, pausoz pauso joaten dira pixkanaka itxura hartzen. Langile bakoitzak bere egitekoak argi zehaztuta dauzka tailerrean.

«Europa osoan saltzen ditugu taulak». Pukasek babesten dituen goi mailako surflariek zabaltzen dute marka, ondoren, mundu osoan antolatzen diren txapelketetan. Gabriel Medina surflariarekin zuzeneko harremana du Johni Cavianca ohol egileak. Harentzako ohol bat egiten ari da. «Ikusi al zenuen Fijin egin zuen erakustaldia?», bota dio Molinari. Bigarren geratu zen orain egun batzuk 18 urteko Medina gaztea, Kelly Slater hamaika aldiz munduko txapeldun izan denaren atzetik. «Nire herrikidea da. Jaiotzen ikusi nuen, familia ezagutzen dut, eta ilusio handia egiten dit harekin lan egiteak. Ohol gutxien itzultzen dituen surflaria da. Puskatu arte erabiltzen ditu».

Mikel Agote dago ondoko gelan. Oriotarra da, eta berak ere barruan darama surfa. Musika entzuten eta aurpegian maska jarrita, taula bat lixatzen ari da. Erregela eta arkatza dauzka alboan.

Langileen artean ingelesez agurtzen dira. «Honek Nazio Batuen egoitza ematen du. Brasildarrak, txiletarrak, estatubatuarrak... daude lanean», esan du Agotek. Hainbat lekutako jendea elkarrekin egotea oso aberasgarria da, bakoitzak bere herrialdeko surfaren eta olatuen inguruko informazioa partekatzen baitu besteekin. Orain dela hamarkada batzuk Lola etxeko komuna erdi hippy horretan egiten zuten gisan. Funtsa ez da aldatu,beraz, hamarkadak pasatu diren arren.

«Hala ere, ez da ahaztu behar produktu bat ekoizten ari garela; eta merkatuan lehiakorrak izateko lan handia egin behar da». Ikerketa da lan ildo horietako bat. Gaur egungo oholak perfekzioaren mugan dabiltza. Zaila da hobekuntzak egitea. Berrikuntzarik txikienak probatzeko goi mailako surflarien sentsazioak hartzen dituzte aintzat. «Aritz Aranbururentzat 70 ohol egiten ditugu urtero, eta berak esaten digu zeinekin dagoen erosoen». Surflarien iritziez gain, pixkanaka ikerketak gero eta garrantzi handiagoa du. «Tecnaliarekin egiten dugu lan».

Krisia ez dute bereziki nabaritu Olatun. Jendeak erosten jarraitzen du. 400 eurotan badaude ohol onak. «Txinan ere ekoizten dituzte, baina erosleek, zorionez, nahiago dituzte puntako surflariak erabiltzen dituztenak».

Oholen azkenengo ukituaz arduratzen da Molina, diseinuaz. Aritz Aranbururen azken taulak kolore bizi-bizikoak sortu ditu. Uretatik kanpo dagoen ikusleak oholarekin surflaria ezagut dezake modu horretan. Argazkiz eta marrazkiz josia du bere bulegoa.

«Urte hauetan guztietan uretan sartzeko sentsazioa ez da aldatu. Ongi pasatzeko gogo hori da garrantzitsuena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.