Maratila

Susmagarriak

Ane Muñoz.
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gezurra dirudi zer tratu tristea ematen diguten aireportuetan AEBetako I-11ko atentatuez geroztik. Billetea eta pasaportea eskuetan, hamaika kontrol zeharkatzera behartzen gaituzte, bidean beroki, oinetako, gerriko eta abarrak kenaraziz. Prakak erdi erorita, oinutsik eta tuntun aurpegiarekin uztea nahikoa ez bazen, susmagarri sentiarazten gaituzte. Zeren susmagarri, ordea?

Lehengoan, Londresko aireportuan ilara luze eta mantso baten erdian aspertuta, bidaiarien erreakzioak aztertzen ibili nintzen. Zera, jakin nahi nuke zergatik demontre erantzuten diegun irribarre urduri eta zabal batekin, barkamena eskatzen ariko bagina bezala? Zergatik kezkatu, baldin badakigu ez dugula deus arrarorik, galtzerdietan drogarik eta armarik ez daramagula ziur baino ziurrago bagaude? Bestalde, urtu egiten gara polizia zakar haiek aurrera pasatzen uzten gaituztenero. «Zein ondo, kontrola gaindituta». Nola ez dugu, baina, gaindituko, deus txarrik egin ez badugu?

Amona bat neukan aurrean. «Kendu hau, kendu hori, kendu hura…» zorrotz esaten zion bitartean, gaixoak makurtu eta kostata ekin zion lokarriak askatzeari. Eta horra, umiliatzen ari zitzaizkion polizia haiei haserre edo serio begiratu ordez, amonak «thank you; thank you, man; thank you very much», irribarre ezin zabalagoa ezpainetan. Ein? Eskerrik asko zergatik, ilararen erdian, bidaiari aspertuon begiradapean biluztera gonbidatzen ari zaizkizulako?

Ikusiko balute kontroletakoek zein ezberdina den haien tratua gurearen ondoan… zakurraren zaunkari umetxoaren barre inuzente eta garbiarekin erantzutea bezala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.