Sustraiak ageri dituzten izenak

Ebatsi egin zituzten AEBetako Reno hirian euskal artzainei eskainitako monumentuko plakak, baina beste batzuk jarri dituzte orainAluminiozkoak dira xafla berriak, eta aukera dago bertan izen gehiago jartzeko

AEBetako Nevada estatuko Reno hirian dago Nestor Basterretxea artistak euskal immigranteen omenez egindako euskal artzainaren irudia. ESTIBALITZ EZKERRA.
Inigo Astiz
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Izen zerrenda bat da, bai, baina ez da izen zerrenda soil bat ere. Sustraiez mintzo da. Asko izan dira historian Euskal Herritik AEBetara lanera joandakoak. Artzain aritu ziren haietariko asko, Nevadan, eta lanbide hori hautatu zuten horregatik Reno hirian immigrante haien historia omentzeko eraikitako monumenturako: euskal artzain bat. Nestor Basterretxea artistak egin zuen lana, eta artzainaren irudiaren alboan jarri zituzten euskal immigranteen izenak, baita lan hura egiteko laguntza eskaini zutenenak ere. Brontzezko bost plaka ziren, eta izen zerrenda bat. Baina ebatsi egin zituzten pieza horiek orain dela urtebete. Beste batzuk jarri dituzte aste honetan. Aluminiozkoak dira oraingoan, bada ez bada ere.

Justu samar, bai, baina garaiz heldu zen konponketa, hala ere, aurreko larunbatean Renon ospatutako euskal jaialdirako. Egun garrantzitsua izaten da euskal komunitatearentzat jaialdiarena, eta pozez hartu zuten horregatik konponketa lanak amaitu izanari buruzko albistea. Monumentua eraikitzeko lanean aritu zirenek, batez ere. Carmelo Urzak, adibidez. «Zortea izan dugu konponketek behar izan duten denborarekin». Berritze lanak bukatuta, euskal jaialdira joandako jendeak monumentua bisitatzeko aukera ere izan zuen. Baina, bestela ere, aspertzeko tarte handirik ez zen izan egun hartan: aizkolariak, dantzariak, bertsolariak, musika...

Ongi ezagutzen du UrzakAEBetako euskal jatorriko jendearen historia, baita monumentuarena ere. Gertu-gertutik. Izan ere, bera izan zen haren bultzaileetariko bat eta hura eraiki ahal izateko dirua biltzen aritu zen pertsonetariko bat. Liburu bat ere badu idatzia, gainera, haren nondik norakoei buruz: Solitude du izenburua (Bakardadea). «Monumentu konplexua da», azaldu du. «Etorkinen historiari buruz mintzo da euskal artzainen irudiaren bidez. Ikuspegi zabalago batetik begiratuta, ordea, oro har euskal jendeari egindako omenaldi bat ere bada monumentua, baita herrialde honetako etorkin guztien historiari eskainitakoa ere».

Izen gehiago ere idatzi nahi dituzte monumentuko plaketan orain. Aluminiozko xafla bat gehiago jarriko diote horretarako Basterretxeak sortutako artzainaren irudiari. Leanne Howard dabil lan horretan, eta, dioenez, hogei pertsona baino gehiagok azaldu dute jadanik zerrendan izenen bat gehitzeko nahia. Beste aukera bat ematea da egitasmoaren xedea. «Asmoa da monumentua egin zenean beren senide edo gertuko pertsonen izenak gehitzeko aukerarik izan ez zutenei orain aukera hori eskaintzea», dio Urzak. Jendeak 300 dolar jarri beharko ditu zerrendan gehitu nahi duen izen eta pertsona bakoitzeko.

Monumentuan izenik gehitu nahi izanez gero, idatzi helbide honetara:

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.