Sustraiek begirik izango balute

Hirugarren urtez egingo dute igandean Leizeen Eguna zortzi kobazulok; ekitaldi bereziak prestatu dituzte

Iaz antolatutako Lezeen Egunean egindako ekitaldi berezietariko bat. BERRIA.
Inigo Astiz
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Diote, eta egia da mundu oso bat dagoela azalean ikusten den munduaren pean. Maiz esku-eskura dago, gainera. Hobi, koba eta leizerik ez da falta Euskal Herriko mendietan, eta horiek ezagutaraztea da Leizeen Eguna izeneko egitasmoaren asmoa. Lurpekoak azaleratzea; jendeari sustraiak begirik balu ikusiko lukeena erakustea. Iganderako egun beteko egitarau oparoa antolatu dute Nafarroa, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko zortzi kobazulotan.

Hirugarren aldia izango du aurtengoa Leizeen Egunak. Bakarra izan da beti, ordea, hiru urteotan asmoa: jendeari lurpeko munduaren edertasuna eta berezitasunak erakustea. Jendea erakarri egin nahi dute horretarako. Festa antolatzeaz arduratzen diren kobazuloetako bakoitzaren zeregina ere bada hori, baina elkarrekin arituko dira denak igandean. %50eko beherapena egingo dute bisitarientzat, eta asteburuko egonaldia ere zozkatuko dute.

Zortzi dira, guztira, egitasmoaren bultzatzaileak: Sarako kobazuloak (Lapurdi), Urdazubiko Ikaburu (Nafarroa), Zugarramurdiko kobak (Nafarroa), Astizko Mendukilo (Nafarroa), Oñatiko Arrikrutz (Gipuzkoa), Zestoako Ekainberri (Gipuzkoa), Karrantzako Kobenkoba eta Pozalagua (Bizkaia). Senideturik daude leize horiek, eta lehenago ere egina dute ekitaldi bateraturik. www.lurpea.com webgunea, esaterako. Eta igandean ere batera ospatuko dute guztiek jaia, Leizeen Eguna. Eskaintza propioa izango du haietariko bakoitzak, ordea. Bisita bereziak eta hitzaldiak izango ditu bakoitzak bere barruak erakusteko.

Urdazubin, esaterako, orain 13.000 urte egindako labar-pinturak erakutsiko dituzte. Alkerdiko leizean daude historiaurreko grabatu horiek, eta oraindik ez daude jende aurrean ikusgai. Ekitaldi berezia izango da horregatik.

Sorginak eta lehoiak

Zugarramurdin ere historia hartuko dute jardunaldien ardatz gisa. Sorginez mozorrotutako aktoreek ibilaldi gidatua egingo dute herriko tokirik nabarmenenak erakusteko. Sorginen etxeak erakutsiko dituzte, leize ospetsua, eta baita haien atzean dagoen historia latza ere. Inkisizioak herritarrei emandako kolpe gogorra, alegia. Haietariko batzuek, Logroñora eraman, eta sutan hil zituzten. Beste batzuk ez ziren heldu sutan hiltzera, lehenago jasotako tratu txarren ondorioz erail baitzituzten.

Astitzen espeleoturismo bisita bereziak egingo dituzte 11:30ean, eta 16:00etan. Gehienez ere hamar lagunentzako bina saio izango dira 60ko hamarkadan egindako lehen sarraldi dokumentatua gogoratuz. Oñatin, Iñaki Zubeldiak 1966an orain 30.000 urte inguru hartan ibilitako lehoiaren aztarnak nola aurkitu zituen kontatuko die Arrikrutz leizera biltzen diren bisitariei. Larunbatean izango da hitzaldia, 16:00etan. Ekainberriko leizeetan bisita bereziak egingo dira, eta historiaurreko bizimoduari buruzko tailerrak.

Sara, Pozalagua eta Kobenkobako leizeetan ohiko bisita gidatuak egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.