Alakrana ontzia Alakrana film bilakatu da. Baina bilakaera horretan ez dute parte hartu ontziaren barruan bahiturik egon ziren euskal arrantzaleek, ezta euren familiakideek ere. Aurreko asteburuan estreinatu zuten Valentziako Mostra zinemaldian bi atalez osaturiko filma; Jorge Guerricaecheverriarena da gidoia, Celda 211 filmaren istorioa idatzi zuen egilearena, eta Salvador Calvok zuzendu du, Telecino Cinemaren ekoizpenarekin. «Ez dakigu norekin hitz egin duten. Gurekin ez, behintzat», dio Maria Angeles Gimenezek, Gaizka Iturbe arrantzalearen emazteak. «Inork ez du hitz egin gurekin ezertarako, ez aholkularitza emateko, ezta filma egitea guri zer iruditzen zaigun galdetzeko ere».
Filmaren aurkezpenean esandakoaren arabera, aske geratu ostean, arrantzaleek eta euren familiek hedabideei esandakoak hartu dituzte oinarrian filmaren gidoia idazteko. Miguel Angel Silvestrek jokatu du rol nagusia, eta pertsonaia prestatzeko hiru aste eman ditu euskal arrantzontzi batean, «marinelen ikuspuntua ezagutzeko eta haien hizkera lortzeko».
«Ez dugu filmaren ikuspuntua ezagutzen, eta ez digu batere graziarik egiten», dio Maria Angeles Gimenezek. «Ez dakigu zer-nolako mezua emango duen lan horrek. Gutxieneko errespetua izan balute, galdezka etorriko ziren gugana».
Alfonso Ussiaren hitz mingarriak
Gaizka Iturbe makina gelan aritzen zen Alakrana-n Somaliako piratek 2009ko urriaren 2an bahitu zutenean. «Oraindik ez dago ondo, eta ez du filma ikusiko, baina nik bai», dio haren emazteak. Arrantzaleek nahiago dute ez gogoratu, min ematen die oraindik; nahiago dute isiltasuna. «Begira: etxera iritsi eta biharamunean Madrilera joan behar izan zuten nire senarrak eta besteek, Pedraz epailearen aurrean deklaratzera. Han hautsi egin zen, beste kide batzuk bezala, eta ateratzean eskerrak eman nahi izan zizkien askatzaileei: 'militarrak diren arren', esan zuen pasarte batean haien zuzentasunari erreparatu nahian, eta, hori erabilita, epelak entzun behar izan zituen. Ussiak ETAko kumea zela idatzi zuen... atera kontuak». Horregatik, arrantzaleek zuhur jokatzea erabaki zuten handik aurrera. Isiltasunaren hautua egin zuten gehienek. «'Hemendik aurrera bukatu da', esan zuen Gaizkak. Hasieran hitz egiteko prest zeuden, baina, gauzak nola diren ikusita, isiltzea nahiago izan dute».
Euskal arrantzaleekin ez du hitz egin Telecinco Cinema ekoizpen etxeak; «ez,behintzat, hemengoekin», dio Gimenezek. «Ez dakigu norekin hitz egingo zuten. Nik Telecincora hots egin nuen galdera hori egiteko, baina oraindik ez didate erantzun».
Proiektuaren arduradunek filmaren aurkezpenean esan zutenez, arrantzalegehienek «nahiago dute oso muturreko egoerak ekarri zizkien bahiketa ez gogoratu». Modu horretan azaldu zuten haien absentzia proiektu osoan zehar. Guerricaechavarria gidoilariaren arabera, «arrantzaleen ikuspuntua eta piraten ikuspuntua ematen du gidoiak».
Alakrana Telecincok azken urteetan ekoitzi dituen tv movie-en zerrendara gehitu dute, horrenbestez. Zerrenda horretan da, besteak beste, Vuelo IL8714, Barajasko aireportuan (Madril) egondako istripu larria islatzen duena.
Sustrairik bako 'Alakrana'
Bahiturik egondako euskal arrantzaleen parte-hartzerik gabe filmatu dute 'Alakrana' filma. «Guri ez digute ezertxo ere galdetu», dio Maria Angeles Gimenezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu