Mundua dantzan jarriko nuke Jainkoa banintza. Jainkoak ez badira ere, mundua dantzan jartzea lortzen dute Ray Collins Hot Club eta Los Mambo Jambo taldeek. Swing eta blues erritmo biziak jorratzen dituzte, eta edonori aldakak mugiarazten dizkiote kontzertuetan. Gasteizko Hell Doradon joko dute gaur, 20:00etan.
Alemaniatik dator Ray Collins Hot Club, bederatzi gizonek osaturiko talde ikusgarria. Saio sutsuak eskaintzen dituzte, eta 40ko eta 50eko hamarkadetako doinuak jotzen dituzte. Haiengan eragina izandakoen artean, Louis Jordan, Wynonie Harris, Roy Brown, Cab Calloway eta Big Jay McNeely aipa daitezke, besteak beste; azken horrek Goes Intercontinental diskoan parte hartu zuen. Shaking That Boogie (2001) da argitaratu zuten lehen lana; atzetik etorri ziren Honk My Horn (2004), Tohuwabohu (2006) eta Lord Oh Lord (2007).
Los Mambo Jamboko kideek ere esperientzia dute swing eta rock instrumentalaren munduan. Izan ere, beste talde batzuetan ibili izan dira: Los Rebeldes eta Nu Niles, beste hainbaten artean. Mario Cobo (gitarra), Ivan Kovacevic (kontrabaxua), Anton Jarl (bateria) eta Dani Nello (tronpeta) dira taldekideak.
RAY COLLINS HOT CLUB & LOS MAMBO JAMBO
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Hell Dorado kulturelkartean (Gasteiz).
Swing erritmo bizia Gasteizen
Ray Collins Hot Club eta Los Mambo Jambo taldeek kontzertua emango dute gaur Hell Doradon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu