Tabu lehen, oroitarria orain
Kontrabandoa oraindik baztandar askorentzat tabua bada ere, haren eragina aitortzeko oroitarri bat jarriko dute
Oraindik ere baztandar askorentzat «tabua» den gai bati buruz ezagutu zuena eta kontatu diotena idatzi du Pedro Esartek azken liburuan. Ez alferrik, kontrabandoan ibilitakoa da Esarte. Bizitako esperientzietatik abiatuta, kontrabandoaren tabua desmitifikatzen saiatu da. «Askorentzat, oraindik ere aipatu ezin den gai bat da gaueko lana, eta mito hori apurtzen saiatu naiz. Lan horretan laguntza eman didaten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet». Kontrabandoa egiten zenean inor gutxik zekien auzokoa ere horretan ari zela, eta, jakinda ere, inork ez zuen txintik ere esaten. «Isiltasuna beharrezkoa zen garai hartako gizarteak eratu zuen bizimodu horretan». Baztango kontrabandoari buruz aurretik Juan Frommknechtek eta Jose Antonio Peralesek idatzitako lanak kritikatu ditu lanean. Haren ustez, ez dutelako azaltzen haranean kontrabandoaren sorreraren zergatia. «Kontrabandoaren erantzuleak mugak ezarri zituztenak dira, eta ez muga horiek apurtzen saiatzen direnak», azaldu du. Gaueko lanaren erantzukizuna kontrabandistaren bizkarretik inarrosi, eta bizimodu hori «behartu» zuten mugak eta beharrak egin ditu erantzule. Bizitzan hobetzeko grina «botereak XX. eta XXI. mendean eskaintzen duen hezkuntzak» berak erakusten duela iritzi dio. Dena dela, ez dago ados kontrabando era guztiekin. «Ez dut tranparik egin zorrak ez ordaintzeko, eta ez dut gizakiekin trafikatu ere, ez ditudalako salgaitzat hartzen». Esarteren lanak oihartzuna izan du haranean. Baztango historian kontrabandoak izan duen eragina aitortzeko Elizondoko herriak oroigarri bat jarriko du Iturri Ederra plazan kontrabandisten omenez. Monumentua Pello Iraizoz artistak eginen du, eta mendian zehar fardelak garraiatzen ibiltzen ziren hiru kontrabandista irudikatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu