Bihar BERRIA-n

Tabua hautsiz

Bularreko minbizia zuzenean edo zeharka izan ondotik sortutako hiru proiekturi buruzkoa izango da biharko Bizigiro saileko erreportaje nagusia. 6 balore, 6 kolore, Bilbo Milakolore egitasmoari buruzko erreportajea ere izanen da, eta, ohi bezala, baita telesailak, zinema eta gastronomia orriak ere. 

Aintzane Artola bularretakoa besoetan duela, Tolosan. GORKA RUBIO, FOKU
2021eko apirilaren 30a
16:04
Entzun

Gero eta gehiago dira bularreko minbizia izaten dutenak, eta gaitza zuzenean edo zeharka pasatu dutenetako batzuek hainbat proiektu sortu dituzte bizi izandako esperientziak bertze pertsona batzuei kontatu eta gaiaren inguruko tabua hausteko. Horietako hiru proiekturen berri emango du biharko BERRIAk. 

Bularreko minbizia izan eta bularretako bat kendu ondotik, bular bakarrarekin bizi da Aintzane Artola Tolosarra. Bular bakarrarekin bizitzeak dakarren tabua kontatu du Artolak. Gainera, berriki modelo lanak egin ditu Mango etxeak bular bakarreko pertsonentzat sortutako bularretako eta bainujantzi bilduma baterako. Julene Illaramendirena, Miren Cuerdorena eta Aroa Lopezena da bigarren proiektu: Izan Inurri. Kamisetak eta bertzelako produktuak egin eta salduz hasi ziren hasieran, baina egun minbizia zuzenean edo zeharka bizi duten pertsonei zerbitzu eta opariak egiten dizkiete, beraiek «protagonista» bihurtuz. Haien beharrak asetzen dituzte sorpresak, asteburupasak eta otorduak oparituz, bertzeak bertze. 

Hirugarren proiektua Irati Garmendiak idatziriko Xomorro lapurra liburua da. 2017an, amari minbizia diagnostikatu zioten, eta ondotik, baita amonari ere. Minbizia gertutik bizi ostean ekin zion idazteari Garmendiak, barrukoa kanporatzeko. Orain, Ane Arzelus ilustratzailearekin batera argitaratu du Xomorro lapurra liburua, Haur Hezkuntzako irakaslea denez, gaia haurrekin lantzeko.

6 balore, 6 kolore, Bilbo Milakolore izeneko egitasmoaren inguruan ere mintzatuko da biharko Bizigiro gehigarria. Yogurinha Borovak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek elkarlanean egindako proiektua da, eta horiez gainera, hiriko zortzi eragilek hartu dute parte: Aspanovas Bizkaiko haur eta nerabe minbizidunen gurasoen elkarteak, Naizen adingabe transexualen familien elkarteak, Uribarriko eskola publikoak, Ttanttaka euskara taldeak, Deustuko arraun taldeak, Kale Dor Kayiko ijitoen elkarteak, Urretxindorra ikastolak eta Ehgam Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak.

Bilboko sei auzotan sei bideoklip grabatu dituzte. Betiere, ostadarraren sei koloreak aldarrikatuz: gorria, laranja, horia, berdea, urdina eta morea. Eta kolore horietako bakoitzarekin balio jakin bat aldarrikatu nahi izan dute. «. Zazpigarren eta azken bideoklipean, aldiz, proiektuan parte hartu duten eragile guztiek hartu dute parte. Horiez gainera, Eneko Axpe Maisha musikariak ere kolaboratu du azken abesti horretan.

Balkanetako gerra

Zinemaren tartean, Jasmila Zbanik zuzendariaren Quo Vadis, Ada  filmean murgilduko da Nagore Arin. Balkanetako guda kontatzen du filmak, eta berriki ospatu diren Oscar sarietan ingelesez besteko filmaren atalean izendatuta egon da. 1995. urtean dago kokatua filma eta Aidaren historia kontatzen du. NBE Nazio Batuen Erakundean itzultzaile bezala lan egiten du Aidak Srebrenica hiri txikian. Serbiako armada etorri eta herri guztiak hartzen dituenean, bere familiako kideak NBEko eremu babestuetara eraman eta bertan gordetzen ditu, beste milaka eta milaka pertsonarekin batera. Hori gutxi ez, eta testuinguru zail eta lazgarriak biziko ditu Aidaren pertsonaiak.Oscar saririk irabazi ez duen arren, harrera izugarria izan du aditu eta zinemazaleen artean. Datorren ostiraletik aitzinera egonen da ikusgai pelikula Hegoaldeko zinema aretotan. 

Telesailen txokoan Apple TVn ikusgai dagoen The mosquito Coast telesaila izanen du hizpide Mikel Yarzak. Neil Crossek zuzendu du telesaila eta 50 minutuko zazpi atalek osatzen dute. Izen bereko eleberrian oinarrituta dago, eta Allie Fox eta bere sendiaren historia kontatzen du. AEBetako gobernuarengatik ihes egiten ahaleginduko da Fox eta bere familia, baina bidean hainbat oztopo gainditu beharko ditu. Abentura kutsuko telesaila da eta intriga puntu bat ere badu, ikusleak ez dakielako ihesaren arrazoien berri. 

Gastronomia orrian, ‘Gipuzkoa Sutondoan’ liburuari buruzko erreportajea izanen da. Mahaian sukaldarien kolektiboak aurkeztu du liburua eta helburua da ekoizle txikien lanari zor zaion aitortza ematea eta belaunaldi baten jakintza kontserbatzea. Mahaia kolektiboko chefek beren buruen beste alderdi bat erakutsi dute liburuan; horretarako, beren plateren oinarri diren tokiko produktuak eta ekoizleak argitara atera dituzte. Ekoizleekin dituzten elkarrizketa eta topaketetan oinarritutako prestaketa eta planteamendu gastronomikoak berriz asmatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.