Tafallako azken urratsak

Nafarroa Oinez-erako azken urratsak egiten dabil Tafallako Garces de los Fayos ikastola. 'Artea Oinez' erakusketa irekiko dute gaur, eta Euskaltzaindiaren saio bat ere egongo da.

71 artistaren lanak daude Artea Oinez erakusketan, eta, Iruñean eta Donostian izan ondoren, Tafallara heldu da. IDOIA ZABALETA/ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Tafalla
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Tafalla dirudi oraindik Tafallak (Nafarroa), baina ez da asko falta aldaketarako. Prestatzen ari dira herria eta Garces de los Fayos ikastola urriaren 16an ospatuko den Nafarroa Oinez-erako. Azalean, oraindik bare samar daude gauzak, baina jadanik suma daiteke mugimendua sakonean. Transformazioaren lehen zantzuak ageri dira. Artea Oinez erakusketarena, kasu. Iruñean izan zen lehenik udaberrian, eta Donostian udan. Urratsez urrats, azkenean, heldu da helmugara, eta gaur irekiko dute Tafallako Kultur Etxean. Izen handiko 71 artistak hartu dute parte ekimenean, eta, haien artelanak salduz, ikastolarentzako dirua biltzea da ekimenaren xedea: DBH ere hartu ahalko duen ikastola berria eraikitzea. Nafarroako euskararen aldeko festarik handiena ospatzear da, eta mezulari lanak egitea ere suertatu zaie oraingoan arte piezei.

Egoera ekonomikoa ez du alde izan, eta erakusketan nahi baino diru gutxiago bildu ahal izan dutela dio Txikitok. Asun Requenarekin batera, bera izan daegitasmoaren arduradunetako bat. «Ez dira artea saltzeko garairik onenak, egia esan». Ibilbide bat egina duen jendearen lanak dira bilduman erakusten direnak, eta udalak eta enpresak izan dira, Txikitok azaltzen duenez, erosle nagusiak. Azken aukera da, beraz, oraingoa, ikastolarekin artearen bidez kolaboratu nahi dutenentzat.

Berezia da, dioenez, erakusketa Tafallan izatea. Opari moduko bat, kasik.Izan ere, lan handia da Nafarroa Oinez antolatzea, eta, horregatik, ikastolako guraso askok eta askok ez dute orain arte beren ikastolaren alde antolaturiko erakusketa ikusteko aukerarik izan ere. «Oso ikastola txikia da gurea, eta halako festa bat antolatzea ikaragarrizko auzolana da. Guraso guztiak daude, neurri batean edo bestean, antolakuntza lanetan sartuta, eta ez dute denborarik izan erakusketa ikustera joateko. Are gutxiago hemendik aurrera. Orain, hemen, ikasleekin ere egin ahal izango ditugu bisitak. Ez da aukera txarra Nestor Basterretxea, Txomin Badiola, Dora Salazar, Juan Gorriti, Joxe Ulibarrena, Xabier Morras, Manu Muniategiandikoetxea eta beste izen handiko hamaika artisten lanak ikusteko».

Euskaltzaindia ere, festarekin bat

Ez da erakusketarena Nafarroa Oinez bertan dela adierazten duen zantzu bakarra. Euskaltzaindia ere Tafallan izango da gaur. Erakundearen ohitura da Nafarroa Oinez hartzekoa den herrira bisita egitea, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Nafarroa erdialdeko hiriko udaletxean osoko batzarra izango da goizean, eta Ikastolen mugimenduari buruzko liburuari buruzko aurkezpena egingo dute egurdian ikastolan bertan.

Oroimena izango da Euskaltzaindiaren bisitaren ardatz nagusia. 13:15ean, Francisco de Eraso eta David Jaime Dean Tafallako euskaltzaleen oroitzapen plakak inauguratuko dituzte, eta 17:30etik aurrera ageriko ekitaldia izango da kultur etxean. Garces de los Fayos ikastolaren historia azalduko du han Angel Iriso irakasleak. Sustraiez ariko da, beraz, etorkizunean ikastola berria eraikitzeko antolatuko den Nafarroa Oinez festa ospatzeko ataritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.