Pasa diren edizioen aldean, aurten ez dute aldaketa handirik egingo. «Aldaketa handiena soinu eta argi ekipo berria dira, asko hobetu baititugu», esan du Miguel Rubio jaialdiaren zuzendariak.
Kontzertuak, filmak eta beste hainbat ekitaldi egingo dituzte hamar egunetan. Lehen egunean, Life in 12 Bar filma jarriko dute, eta bigarrenean hasiko dira kontzertuak, The Cheap & Nasty Boys eta Los Deltons taldeekin.
Hurrengo egunean, 3an, Mississippi Queen & The Wet Dogs taldea eta Peache Staten & Bluz Explosion izango dira oholtza gainean. Igandean, kontzertua eta bermuta batera izango dira. 8an, ostegunean, AMY filma jarriko dute, Amy Winehousen bizitzari buruzkoa.
Ostiralean, Priscilla Band taldea egingo da agertokiaren jabe, eta, hurrengo egunean, 10ean, Los Gumbo taldearen eta BigBlack Rhino taldearen kontzertuak egingo dituzte.
Jaialdiari amaiera emateko, BigBlack Rhino taldeak bermutean joko du. Gero, Carril Blues ekitaldia egingo dute; herriko hainbat leku publikotan jotzen arituko dira.
Rubioren hitzetan: «Jaialdi hau berezia dela uste dugu, Blues estiloa beti ingelesez baita, eta, guk, inguruko taldeak ekarriz, beste hizkuntza batzuetan ere entzungo baitugu».
Azken urteetan arrakasta izan dutela esan du zuzendariak, eta aurten ere hori espero dutela.
Burlata Blues Festival
Bihartik 11ra, Burlatako parkean (Nafarroa).