Tekila usaineko sanferminak

Iruñeko Entzierroaren museoak erakusketa bat prestatu du 'The Sun Also Rises' filmaren inguruan; 1957koa da, eta sanferminetan kokatutako Hemingwayren nobelan oinarritua dago. Liburua eta proiekzioa ere izango dira

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Iruñea dirudi, baina ez da. Nafarroako hiriburuko kafetegi ezagun baten izena ageri du afixak, baina ez da taberna hori. Sanferminetakoen itxura dute irudiek, baina ez dira sanferminak. Ernest Hemingway idazleak Iruñeko festetan kokatutako The Sun Also Rises eleberriaren izen bereko zinemarako egokitzapena da, 1957an AEBetako 20th Century Fox ekoizpen etxeak egindakoa. Henry King aritu zen zuzendari lanetan, eta lehen lerroko aktoreak izan zituen: Errol Flynn, Eddie Albert eta Ava Gardner. Iruñean dago girotuta filma, baina Mexikon grabatu zuten gehiena. «Tekila usaina dario filmari», dio Ramon Herrera kazetariak. Film hari buruzko liburua idatzi du, eta Iruñeko Entzierroaren museoak argitaratu du: Fiesta. Argazki erakusketa jarriko dute abenduaren 15etik urtarrilaren 16ra, eta film proiekzioa izango da abenduaren 16an, Carlos III.a aretoetan.

«Film bikaina da narrazioari, aktoreen lanari, eta produkzioari dagokionez», dio Herrerak. «Oso ona, bai, baina sanferminak ezagutzen dituen edonork igarri ahalko duenez, hutsez betea». Iruñea izan nahi, baina ezin; Mexikoko giro hori sumatzen zaio alde guztietatik, han grabatu nahi izan baitzuten filma ekoizpen etxeko buruek.

AEBetan frankismopeko zentsurari zitzaion beldurra aipatzen dute batzuek filmaketa Iruñean egin ez izanaren arrazoitzat, elurte arriskua izan zen amerikarrak atzera bota zituena beste zenbaiten hitzetan, baina sinpleagoa da arrazoia Herreraren hitzetan: «Garai hartan Iruñeak ez zuen halako produkzio batek eskatzen dituen baldintzei aurre egiteko besteko azpiegiturarik».

Arrazoi gehiago ere badaude, ordea. Lehenagotik zetorren arazoa, Herrerak dioenez. Europa zen, izan ere, eragozpena Foxeko arduradunentzat. 1956an Greziara joan ziren ekoizpen etxe hartako langileak film bat grabatzera, eta esperientzia txarra izan zuten. Garestitu egin zuen filma erabaki horrek. Ikaragarri. Nabarmen gainditu zituzten gastuek aurrekontuan ageri ziren kopuruak, eta erabaki bat hartu zuen Spyros Skourasek, enpresako produkzio buruetako batek: «Ez dugu film gehiagorik grabatuko Europan». Irizpide horren arabera grabatu zuten ekoizpen etxekoek eskura heldu zitzaien hurrengo lana: Iruñean girotutako The Sun Also Rises filma, hain zuzen ere.

Badira, halere, filmean Parisen grabatutako pasarte batzuk, baita Iruñean bertan hartutako beste gutxi batzuk ere. Herrerak dioenez, Hemingwayri esker gertatu zen hori. Haren liburuan oinarritutako filma osorik Mexikon egitekotan zirela jakin zuenean, ikaragarrizko haserrealdia hartu zuen idazleak, eta purrustada bota zien ekoizpen etxekoei. «Hori ikusita, 20th Century Foxeko buruek zera erabaki zuten: aktoreak ageri ziren eszenak Mexikon grabatuko zituzten, baina haien presentziarik behar ez zuten irudiak Iruñean bertan hartuko zituzten, sanferminetan, gero filmean txertatzeko. Ez zuen askorik konpondu horrek, baina, dirudienez, baretu egin zuen pixka bat horrek idazlea».

Ez du horrek esan nahi gustuko zuenik. Kontrakoa. «Hasiera-hasieratik bereak eta bi esan zituen Hemingwayk filmaren aurka, eta bukatu zutenean ere berdin egin zuen». Herrerak dioenez, baina, nahiko ongi dago itzulia eleberriko giroa filmera. Bai, behintzat, kontakizunari darion tonu ilunari dagokionez. «Oso atmosfera iluna dario filmari; zinema beltzaren kutsu hori».

I. Mundu Gerran zauritua izan ondoren, Jaek izeneko estatubatuar batek sanferminetan pasatzen dituen egunak kontatzen dira eleberrian, eta, literatur adituen ustez, Hemingwayk etaAEBetako beste idazle batzuek osatutako galdutako belaunaldia deiturikoaren argazki moduko bat egiten du. Ongi itzuli da argazki hori filmera, Herreraren hitzetan; eta gidoia ere ona dela dio.

Estreinaldirik gabeko filma

Filmak ez zuen, baina, espero zen arrakasta komertzialik lortu Ipar Amerikan, eta munduko beste txokoetan ere ez zuen oihartzunik izan. Ia batere ez Euskal Herrian, eta are gutxiago Iruñean. Ez zuten erakutsi. Iberiako Penintsulako herrialdeetan ez zen zinema aretoetara heldu. Hala eginez gero, ikusleek aretoa erreko zutelako, Hemingwayren ustez, eta merkaturik ez zuelako, produktorearen hitzetan.

Abenduaren 16an Carlos III.a zinema aretoetan egingo den proiekzioa estreinaldi moduko bat izango da, beraz, iruindarrentzat, filma zirkuitu komertzialean ikusteko lehen aukera izango baita, filma egin eta 53 urtera. «Mereziko du», dio Herrerak, «Iruñearen oso ikuspegi mexikarra eskaintzen duelako. Tekila usaineko sanferminak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.