Maratila

Teknikariak

santi leone
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Aspaldian, Vicente Verduk idatzi zuen (El País egunkarian, oker ez banabil) Javier Clemente ez zela entrenatzaile egokia Espainiako selekziorako. Nola zen posible, galdegiten zuen idazleak, Espainian sinesten ez duen batek talde nazionala zuzentzea? Haren hitzetan, teknikari ona izatea ez zen nahikoa entrenatzaile ona izateko: Espainiako futbolariak behar bezala gidatzekotan, nazioa maite behar zuen taldearen estrategiak eta unean uneko taktikak antolatuko zituenak.

Zer eginen diogu, bada, ni ados nago Verduren kritika horren gibelean dagoen ideiarekin. Are gehiago, politikara ere zabalduko nuke. Nola daiteke Estatuburu izatea Estatuan sinesten ez duen bat? Nola da posible hezkuntza publikoaz arduratzea seme-alabak ikastetxe pribatu batean dituen bat? Zer dela-eta onartu behar dugu Osasun sistema publikoaren norabidea erabakitzea aukeran sistema pribatua nahiago duen batek? Kudeatzaile (ustez) onak ausarki ditugu: horretaz gain, sistema publikoan sinesten duen baten bat izendatzea eskertuko genuke.

Defizitari ez ezik, neoliberalismoari ere muga jarriko nioke nik konstituzioan. Nire ametsetan, Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria Auzitegi Nazionalean ikusten dut, konstituzioaren kontrako bere adierazpenengatik deklaratzen. Nire iduriko, krisiari esker lehen hain zaila zena orain hain erraz bihurtu den honetan, aukera paregabea dugu aldaketa txiki hori egiteko. Politikariren batek enpresa pribatura joan beharko luke, baina, tira, han, orain denek erraten duten bezala, politikagintzan baino mila aldiz gehiago irabaziko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.