Iruri Knorr. 'Ideateca.com' webguneko marketin burua

«Teknologia berri bakoitza iraultza txiki bat izan da sakelakoetan»

Azken bost edo sei urteetan sakelakoen merkatuak eztanda egin duela dio, eta Internet sartzeak egoera irauli duela. Zaila da etorkizunean nolakoak izango diren zehaztea.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Lau urteko ibilian pauso sendoak eman ditu Ideatecak. Marketin burua da Iruri Knorr. Interneten inguruko proiektuekin hasi ziren, eta bideo jokoak egiten dihardute egun. Bilbon eta San Frantziskon (AEB) dituzte egoitzak. Sakelako telefonoetarako bideo jokoek garrantzi handia dute merkatuan.

Zer-nolako bilakaera izan dute sakelako telefonoek?

Sakelako telefonoak 1990. urtearen inguruan hasi ziren zabaltzen gizarte osora. Hasiera hartan, enpresariek bakarrik erabiltzen zituzten, eta telefono handiak eta garestiak ziren. Azken bost edo sei urteetan, merkatuak eztanda egin du, eta ikaragarria izan da bilakaera. Beste sektore batzuetan ez bezala, kontsumitzaileak zein erabiltzaileak oso azkar moldatzen dira ezaugarri berrietara; egunero erabiltzen duten zerbait baita.

Agertutako teknologia berri bakoitza iraultza txiki bat izan da sakelakoetan, eta erabiltzaileongan behar berriak sortu dituzte: SMSak, argazki eta bideo kamera, ukimen bidezko pantaila koloreduna, Bluetooth-a, wifi-a...

Bilakaera horretan, zein izan da giltza, aldaketa gehien eragin duena?

Internet eskuko telefonoetan sartzea izan da mugarri nabarmena azken urteotan. Berehala hasi ziren gazteak mezu laburrak bidaltzen eta argazkiak partekatzen. Whatsapp erabiltzen da orain. Gizakiok komunikatu egin behar dugu, eta komunikazioa errazten digun edozerk arrakasta lortzen du. Gero eta merkeagoa da, gainera.

Merkeago dela aipatu duzu: konpainiek zer eskaintza egiteko joera dute orain?

Tarifa finkoetara jotzen dute. Prezioari begiratu beharrik gabe hitz egin nahi dugu, mezuak bidali, eta Interneten sartu, eta konpainiek hori badakite.

Nola aldatu ditu ohiturak sakelako telefonoak?

Komunikazioaren eta gain-informazioaren garaia da. Internetek eta sare sozialek gizartearen komunikazioaren abiadura azkartu dute. Ez dugu pazientziarik, eta edozein galderari erantzuna berehala aurkitzera ohitu gara, sakelako telefonoen bidez; informazioa uneoro jaso eta bidaltzera. Gure familia, lagunak, lana, banketxea poltsikoan izan nahi ditugu. Ezin gara etxera heldu arte zain egon.

Hemendik urte batzuetara nolako sakelako telefonoak irudikatzen dituzu?

Sakelakoen ezaugarriak dituzten betaurreko batzuen prototipoa aurkeztu du duela gutxi Googlek; ia hilero ikusten ditugu berrikuntza handiak. Argi dago sakelako telefonoek zeregin garrantzitsua izango dutela gure egunerokoan, baina zer egingo duten edota zein itxura izango duten zehazki aurreikustea zaila da.

Etorkizuneko ordenagailuak izango al dira sakelako telefonoak? Batak bestea ordezkatuko al du?

Ordenagailuak baino sakelako telefono eta tablet gehiago saltzen dira munduan jadanik. Denbora pasatu beharko da sakelako telefonoek ordenagailuak guztiz ordezkatu arte, baina iPad-arekin eta gisako gailuekin bi mundu horiek gero eta gertuago daude.

Bideo jokoetan espezializatu zarete Ideatecan. Nola aldatu dira sakelako telefonoetako jokoak? Zein bidetik joango dira etorkizunean?

Sakelako telefonoek demokratizatu egin dute bideo jokoen merkatua. Lehen, gutxi batzuek bakarrik asma zitzaketen kontsolentzako bideo jokoak, baliabide asko behar baitziren. Gaur egun, ordea, ikasle batek edo enpresa txikiek ere egin ditzakete sakelakoetarako bideo joko zein aplikazioak. Banaketa kanal berriei esker gertatzen da hori. Sakelakoetatik jaisten diren aplikazioen erdiak baino gehiago jokoak dira. Hiru-lau minutuko bideo joko labur eta sinpleek izango dute arrakasta etorkizunean, casual games direlakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.