Atzo, San Andres egunarekin batera, Donostiako Joxe Mari Korta zentroan XI. Manuel Laborde sariak banatu ziren. Eta zertan dira sari horiek? Badira hamahiru urte Euskal Herriko Unibertsitateako Gipuzkoako Campusean ekintzailetasuna sustatzeko programa bat abian jarri zela. Programa hori aurrera eramateko, Berrikuntzako eta Enpresen zentro baten laguntza izan du, Bic Gipuzkoa Berrilanarena hain zuzen ere. Zein da programa horren helburua? Unibertsitateari betidanik bi zeregin nagusi aitortu zaizkio, irakaskuntza batetik eta ikerkuntza bestetik. Baina azken urteotan gero eta gehiago azpimarratzen da unibertsitatearen hirugarren zeregina, hots, gizarteari zor dion transferentzia.
Unibertsitatean garatzen den ikerkuntza eta lortzen den jakintza ezin da bertan gelditu; gizarteari helarazi behar zaio. Transferentzia hori egiteko, modu asko daude: etengabeko ikaskuntza sustatzeko egiten diren programak eta gizarteak bere neurrira eskatutako ikastaroak antolatzea, adibidez; baina jakinduria hori aprobetxatuz enpresa berriak sortzea ere bada bidea.
Batetik, jakinduria dugu, baina hori ez da nahikoa enpresa bat abian jartzeko, eta are gutxiago abian jarri ondoren luzaroan lanean jarraitzeko. Orain, enpresa hori bultzatuko duen edo duten pertsonak behar dira, eta hementxe azaltzen dira gure ekintzaileak. Ekintzaileak gogoa behar du modu horretako abentura batean buru-belarri sartzeko, eta, gainera gure gazteei gehiegitan leporatzen diegu ez direla ausartak eta ez dutela horrelakoetan sartzeko gogorik izaten.
Hori guztia bultzatu eta suspertzeko, unibertsitate guztietan hainbat programa eta ekitaldi antolatzen dira ekintzailetasuna eta berrikuntza bultzatzeko. Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan, hiru programa daude hiru campusetan, baina oraingoan gipuzkoarraz ari naiz.
Batetik, ikerketa taldeetan landutako jakinduriak enpresa bat nola bideratu dezakeen asmatu behar dugu, eta erronka horretarako Bic Gipuzkoa Berrilan moduko zentro baten ezagutza ezinbestekoa da. Baina enpresa bat aurrera ateratzeko ez da nahikoa norberaren jakintza arloan oso jakitun izatea, enpresa mundua ere ezagutu egin behar baita, eta horretan ahalegintzen dira programa hauek hain zuen, enpresaren inguruko formazioa ere garatzen. Gainera, ez dira nolanahiko enpresak, oinarri teknologikoa dutenak baizik, edo jakindurian intentsiboak direnak, eta horretarako beste puntu garrantzitsu eta lagungarri bat jakinduria hori sortu den ikerketa-taldearekin harremana mantentzea da. Horrek bereiziko du era honetako enpresa bat eta bestelakoak.
Werlinden zenaren omenez, leihaketa antolatu zuen duela hamaika urte Manuel Labordek. Labordek berak ongi islatzen baitu zer den ekintzailea izatea. Urte hauetan 20 sari inguru banatu dira, eta zorionez gehienetan saritutako ideiak enpresa bati eman diote bidea, eta oraindik lanean dihardute enpresok, gainera. Ez nuke inor aipatu nahi, denak izan baitira garrantzitsuak, baina bai azaldu nahi nuke jakintza arlo guztietako enpresak izan direla. Ez dugu pentsatu behar arlo teknologikoko enpresak bakarrik direla; gizarte-zientzietatik datozenak badira, psikologiaren arlotik, eta abar.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Teknologia enpresak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu