Asteburuko proposamenak

Teknologiak herria hartuko du

TolosaUsabal kiroldegian ehunka ordenagailu bilduko dituzte; festa giroa herrira zabalduko da

Aurtengo Gipuzkoa Encounter topaketetan 600 bat informatika zale eta profesional espero dituzte. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Gipuzkoa Encounter topaketak hartuko ditu Tolosak (Gipuzkoa) asteburuan, bosgarren aldiz. Bihartik igandera bitarte informatika zaleen bilgune bilakatuko da Usabal kiroldegia. Jadanik bukatu da izena emateko epea, eta 600 erabiltzaile eta profesional espero dituzte guztira. Topaketetan antolatu dituzten jarduerez gain, Tolosako beste zenbait tokitan ere teknologia berriekin lotura duten ekintzak prestatu dituzte. Hitzaldiak, tailerrak eta antzerkia dira jardueretako batzuk. «Berrikuntzaren eta teknologiaren hiriburu bilakatuko da Tolosa», Jokin Bildarratz alkatearen hitzetan.

Irekitze ofiziala bihar eguerdian izango da, baina 10:00etan lehiaketetan izen-emateko aukera eskainiko dute kiroldegian, eta datu sarearen konexioa ere prest izango da ordurako. Igandean, 17:00etan, gailuak jasotzeko garaia izango da. Sarrerarekin batera, ordenagailua jartzeko leku bat, entxufe bat eta Interneterako konexioa ziurtatuta izango ditu erabiltzaile bakoitzak.

Hainbat lehiaketa eta jokotan parte hartu ahalko dute Usabal kiroldegian biltzen direnek: arte digitaleko lehiaketa, bideo jokoen eta software librearekin lotutako txapelketa eta ordenagailuen kaxak eraldatzeko lehiaketa dira horietako batzuk. Gainera, segundoko gigabyte bateko abiaduran nabigatzeko aukera izango dute ordenagailuen festako parte hartzaileek.

Kiroldegian festa dagoen bitartean, Tolosako erdigunean ere teknologia berrien munduan murgiltzeko aukera eskainiko dute. Autobus bat jarriko dute Triangelu plazan, hamalau ordenagailurekin. Informatikarekin lotutako zalantzak argituko dituzte hiru boluntariok; arazoari irtenbiderik aurkitzen ez badiote, Twitter bidez helaraziko dizkiete galderak Gipuzkoa Encounterreko partaideei.

Larunbatean antzerkia ikusi ahal izango da Triangelu plazan. Nork esan dizu? antzezlana egingo du Biombo antzerki taldeak, eta sare sozialen erabilera okerrak ekar ditzakeen ondorioez gogoeta egitea da obraren helburua. Horretaz gain, GKO galeriak ekimen berezi bat prestatu du hiru egunetarako: USB memoriak utziko dituzte herriko zenbait txokotan; «intereseko informazioa eta deskargatzeko programak» dituzten gailuak, hain zuzen. Horrela, USB memorietan dagoen informazioa eskuratu ahalko du nahi duen guztiak.

GIPUZKOA ENCOUNTER

Non. Tolosan (Gipuzkoa), Usabal kiroldegian.

Noiz. Bihartik igandera bitarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.