KOMUNIKAZIOA

Teknologiak komunikazioan ere eragiten duelako

[youtube]https://youtu.be/Lnzp6_aB_WY[/youtube] Berrikuntza teknologikoek euskarazko komunikazio esparruan duten eragina aztertu du BERRIAk. (Lara Madinabeitia / BerriaTB)

2016ko maiatzaren 16a
13:20
Entzun

Etengabe aldatzen ari dira komunikabideak mundu zabalean. Euskarazko hedabideak ez dira salbuespena. Berrikuntza teknologikoetara, kontsumo modu berrietara eta aro digitalera egokitzen ari dira. Inork ez du edabe magikorik, eta kontsumo digitalari etekina nola atera aztertzen dabiltza han eta hemen. Hartzaileekin komunikazioa nola hobetu, hartu-emana nola landu eginahalean ari dira euskarazko komunikabideak. Prentsaren trantsizio digital gisa jotzen denarekin adi dabil BERRIA Taldea. Eta, gaur, erreportaje bat estreinatuko du Interneten Berria telebistak, gaiarekin lotutako hari muturrei heltzeko asmoz.

Euskarazko komunikazio esparruko erreferentziazko sei ordezkari elkarrizketatu dituzte erreportajerako: Alberto Barandiaran Hekimen euskal hedabideen elkarteko zuzendaria, Alaitz Artolazabal Tokikom euskarazko toki komunikabideen bateraguneko zuzendaria, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Iban Arantzabal Goiena taldeko zuzendari nagusia, Estitxu Eizagirre Argia aldizkariko zuzendaria eta Pello Urzelai BERRIAko IKT arduraduna. Barandiaran, Agirre eta Urzelai urte luzez kazetari lanetan aritu ziren Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn.

Berria TBko bideogile Lara Madinabeitiak eta BERRIAko Bizigiro saileko kazetari Urtzi Urkizuk egin dute erreportajea; gidoia Urkizurena da, eta edizioa eta irudiak, Madinabeitiarenak.

Sakelakoen kontsumoa

Otsailean Hekimen elkarteak jakinarazi zituen datuen arabera, 2011n baino hemezortzi aldiz handiagoa izan zen telefonoaren erabilera 2015ean, hedabideen webguneak bisitatzeko orduan. Hazkunde hori gizartearen ohitura aldaketen lekukoa da, eta gailu eramangarrien kontsumoari erreferentzia egingo diote elkarrizketatuek erreportajean. Euskarazko komunikabideak egiten ari diren saiakerak aipatuko dituzte. Berrikuntza teknologikoetara egokitzeko inbertsio ekonomiko handiak egin behar dituzte hedabideek, eta esfortzu horretan erakunde publikoek jokatu beharko luketen rolaz ere arituko dira lanean elkarrizketatuetako batzuk.

Aurrera begira jarri, eta etorkizunean kazetaritzaren pausoak nondik nora joan daitezkeen iragartzen saiatuko dira hizlariak. Paperaren etorkizunaz ere mintzo dira, paperak zein formatutan eta zein modutan iraungo duen ez baitago argi. BERRIA saiatuko da datorrenari tentuz begiratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.