Teknologiaren olatuan

Surf taulen jarrera mekanikoa aztertzen duen taula aurkeztu dute Pukasek eta Tecnaliak. Aritz Aranburuk, Hodei Collazok, Kepa Acerok eta Mario Azurzak probatu dute jada.

Aritz Aranburu zarauztarra Pukas eta Tecnaliaren taula probatzen. JAVI MUNOZ / TECNALIA RESEARCH & INNOVATION.
xabier martin
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bere baitan puntako teknologia daraman surf taula diseinatu dute estreinakoz. Pukas Surfek eta Tecnalia Research & Innovationek garatu dute elkarlanean taulak olatuen gainean daukan jarrera mekanikoa sentsoreen bidez jaso eta aztertzen duen proiektua. Atzean geratu dira oso, olatuen bizkarrean jolasean aritzeko erabiltzen ziren lehen surf taulak. Egurrezko taula zahar haiek ere—oraingoak bezala— balekoak ziren askatasun sentipen zirraragarria lortzeko, baina teknologiaren garaiak dira hauek. Pukas Surfek, goi mailako surf taulak ekoizten eta banatzen enpresa handiena Europan, aurrerago joan nahi zuen diseinuan, eta Tecnalia Research & Innovationen ezinbesteko laguntza jaso du. Dagoeneko gauzatu da elkarlanaren emaitza: olatuen gainean, surflariaren oinen presiopean, taularen jarrera mekanikoa jaso eta aztertzen duen lehen surf taula.

Diseinatu, probatu eta akatsaren berri izan. Orain arte sistema horrekin garatu izan dituzte surf taulen diseinuak, shapers-en eta surfisten aholkularitzarekin betiere. Aurrerantzean taularen gainean izaten diren sentipenak edo sentsazioak zenbaki bihurtuko dira diseinuak garatzeko produkzioan. Datu zehatzak pilatzen ditu sistema berriak, eta zenbakiek surflarien errendimendua igoaraziko duela diote proiektuko bultzatzaileek. Fabrikazioan «iraultza» datorrela iragarri dute, taularen eremu kritikoen mapa baitaukate. Aurrerantzean hobeto jakingo dute zer-nolako lehengaiak erabili taularen eremu zehatzetan.

650 gramo gehiago

Birak egitean lortzen diren angelu bertikalak, abiadura, oinen presioaren maila, malgutasun maila... sentsore eta hardware gailuen bidez aldagai ugari jasotzen dira ordenagailuan. Sistemak 650 gramo gehiago gehitzen dizkio taularen pisuari, baina trukean urre gorria den informazioa ematen du, haren bidez surflari bakoitzari komeni zaion taula mota ekoitzi baitaiteke.

Aritz Aranburuk, Hodei Collazok, Kepa Acerok eta Mario Azurzak berak ere probatu dute taula jadanik. Aranburuk erakustalditxo bat egin behar zuen atzo, Donostiako Zurriola hondartzan, baina bertan behera geratu zen eguraldi txarra zela eta. Berdin dio. Surflariak pozik daude Tecnaliak eta Pukasek garatutako taularekin. Ez alferrik askori lagungarri izango zaie euren teknikak zer-nolako taula mota eskatzen duen hobeto jakiteko.

Surflarien ekinaren oinarriarekin aritu dira ikerlariak batetik, baina bestetik, entseguak egin dituzte laborategian taula perfektuaren bila. Malgutasuna/trinkotasuna eta hausturaren aurkako erresistentziak neurtu dituzte, esate baterako. Proiektuak badu oraindik bidea egiteko, eta aurrerago surflari gehiagoren kolaborazioa eskatuko dute. Besteak beste, Tiago Piresek, Joan Duruk, Eneko Acerok eta Tim Boalek probatuko dute taula luze gabe.

Teknologia eta surfa elkarrekin datoz egunotan. Instant Sport etxeak tubo itxurako olatu artifizialak sortzeko teknologia garatu duela jakin zen aurreko astean. Orain, berriz, Tecnalia eta Pukasen proiektua plazaratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.