Oso kirol emanaldi garrantzitsuak daudenean edo jaiegunetan bestelako emaitzak egon litezke, baina, bestela, astero-astero Tele5 kateko fikziozko saioak ikusten dira gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Aurreko asteko datuak har ditzagun adibide gisa, urtarrilaren 29tik otsailaren 4rako astekoak. Tele5ko Camera Café umorezko saioa izan zen eguneko liderra hiru egunetan: astearte, asteazken eta ostegunean. Hiru egunetan %30eko kuota gainditu zuen, gainera. Portzentaje horretatik gora ibiltzen da Karlos Argiñanoren sukaldaritza programa ere, baina ikus-entzule gutxiagorekin. Astelehenetan, bestalde, CSI Miami telesaila ikusi ohi da gehien. Joan den astelehenean %32,7ko portzentajea eta 328.000 ikus-entzule izan zituen. Ostiralean, gehien Yo soy Bea ikusi zen(%38,9), eta igandean, Aida (%33,1).
Joan den astean, salbuespen bakarra larunbatean gertatu zen: gehienetan Tele5ko Dolce vita prentsa arrosari buruzko programa ikusten da gehien, baina Antena3eko gaueko albistegiak ikus-entzule gehiago eskuratu zituen: 155.000. Bigarren lekuan Los Simpson kate bereko marrazkiak gelditu ziren.
LEHIA ESTUA ALBISTEGIETAN. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hainbat urtez Julio Ibarrak aurkeztutako Teleberri2 izan zen albistegi ikusiena. Gaur egun, berriz, oraintxe kate batekoa ikusten da gehien, oraintxe beste batekoa... Joan den asteko datuekin jarraituz, honatx datuak: TVE1eko gauekoa ikusi zen gehien astelehenean, Tele5koa asteartean, TVE1ekoa asteazkenean, Tele5koa berriz ere ostegunean, ostiraleko daturik ez dugu, Antena3koa ikusi zen gehien larunbatean, eta ETB2koa igandean.
ETB1 katean, bestalde, fikzioak datu onak ematen dituela nabarmendu behar da: astelehen eta asteartean, Goenkale-k eman zituen kateko datu onenak (%5etik gora); asteazkenean, Mihiluze-k lortu zuen ETB1en ikus-entzule gehien; ostegunean, Tau Baskonia-Le Mans Euroligako saskibaloi partidak; ostiralean, Koka-Otxandorena/Gonzalez-Pascual eskuz binakako partidak; larunbatean, Wazemank-ek, eta igandean, Kirolez kirol-eko futbol partiden laburpenak.
'CAMERA CAFE' ASTE HONETAN BURU. Joan den asteko joera izan da aste honetan ere: astelehenean CSI Miami ikusi zen gehien, eta astearte eta asteazkenean Camera Café, Los Serrano eta Ingalaterra-Espainia partida baino gehiago.
Tele5 kateko fikziozko saioak ikusten dira gehien EAEn ia egunero, alde handiarekin
ETB1en, ez da beti bat gehien ikusten den saioa, eta ETB2n, albistegiek dute ikus-entzule gehien
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu