Zinema eta telebistarako marketina egiten duen Arenas Entertainmenteko presidenteordea da Espainian Gonzalo Martin (Madril, 1965). Hainbat enpresarentzat aholkulari ibiltzen da. Brands & Videoko bultzatzailea ere bada, Internet bidezko markak batzeko asmoarekin. Ikus-entzunezko sektoreko berriak eta hausnarketak www.gonzalomartin.tv blogean zintzilikatzen ditu.
Nola ikusten duzu Interneten eta telebistaren arteko harremana?
Gero eta konbergentzia handiagoa dago hedabideen artean. Ikus-entzunezko sektorea multiplataforma bilakatzen ari da. Internetek eragin handia du hedabideetan, bitartekotza nolabait desagertzen ari baita. Internet hain da espazio irekia edozein ahotsek lekua du. Horrek prentsari eragiten dio, eta telebistari ere gero eta gehiago. Erabiltzaileak edukietan parte hartzen hasi dira. Beste prozesu bat da telebista aparailuarekin Interneten nabigatu ahal izatea. Horrek produktuen estrategiak aldaraziko ditu. Enpresek orain bilatzen dituzten edukiak plataforma batean baino gehiagotan kokatu nahi dituzte. Denboran iraun dezatela ere bilatzen dute. Adibidez, Hanna Montana eta Harry Potter.
Gero eta etxe gehiagotan jendea telebista aparailuaren bitartez sartzen da Interneten. Google TV iristear dago. Bizkor garatuko al da hori?
Fabrikatzaileek zer egiten duten ikusi behar da. Nabigatzea ahalbidetzen duten milaka telebista aparailu saldu nahi dituzte batzuek. Beste kontu bat da kontsumitzaileek hori erabiliko duten. Eta hirugarren alor bat da zer gailurekin egiten duten. Google TVri dagokionez, eduki hornitzaile batzuk gauzak zail ari zaizkio jartzen. Filmen alokairuarekin ere negozioa egin nahi dute batzuek.
Erresuma Batuan BBC iPlayer sortu dute. Youview ere hor dago. Zer iritzi duzu sistema horien inguruan?
iPlayer-a BBCko edukietara ordenadorearekin iristeko tresna bat da. Youview, berriz, telebista aparailuen bitartez Interneten sartzeko sistema da, Google TVren tankerakoa. Niri iruditzen zait telebista aparailua oraindik oso garrantzitsua dela, telebistaren aurrean aisialdi ordu asko pasatzen direlako.
Kontsumitzaileak ikusi nahi duena nahi duen momentuan jaso ahalko du. Zer aldaketa ekarriko ditu horrek ikusle datuen neurketetan?
Erronka handienetako bat kontsumo horiek neurtzea izango da,irekia dago gaia. Eta publizitate arloari ere eragingo dio. Ikusle batzuek aukeratuko dute nahi dutena edonoiz, baina beste batzuk pasiboagoak izango dira.
Itzalaldi analogikoa apirilean gertatu zen. Baina ematen du telebistaren munduan laster etorriko direla aldaketa gehiago, ezta?
LTDa transmisiorako sistema bat baino ez da. Dena den, telebista tradizionalak oraindik ere indar handia du, eta ibilbide luzea izango du. Kontuan hartu behar da produktu batek telebistaren bitartez 15 milioi etxetan sartzeko ahalmena duela. Interneten, berriz, hori lortzea zailagoa da. Telebistak oraindik Internetek baino indar handiagoa du. 3Da ere iristen ari da, bainaez dago jakiterik nola garatuko den.
Zertan oinarritzen zara zure blogean ikus-entzunezko gaiak jorratzeko orduan?
Aldaketa teknologikoek negozioa ulertzeko moduari nola eragiten dioten aztertzen saiatzen naiz blogean, begirada pertsonal batekin. Gizarteak ikus-entzunezkoekin zer harreman dituen ere begiratzen dut. Gaur egun edozeinek jar dezake bideo bat Interneten. Horrek esan nahi du gizabanakoen edo mugimenduen ahotsak ez daudela telebista lizentzia batek dakarrenaren menpe. Erabateko dibertsitatea etorriko da herritar guztiek izatean bere ahotsa zabaltzeko ahalmena.
Proiektu batzuk dohaintza txikien bitartez ari dira finantziatzen. Zer iritzi duzu horietaz?
Gero eta proiektu gehiago daude modu horretakoak. Publizitate eta diru laguntzen zain egon gabe, aukera ona izan daiteke. Diru kopuru txikiak lortzen dira, baina gehiago saiatzeko bide alternatibo bat ematen dute.
Euskarazko prentsan halako dohaintza sistema batek izango al luke eraginik?
Nik esango nuke baietz. Euskarazko argitaralpen batek aurki ditzazke ordainketa txikiak egingo lituzkeen lagunak, euskara babesteko. Aukera bat proiektu zehatzak babestea izan daiteke. Adibidez, kazetari on bat Afganistanera bidaltzea. Jendeak erantzungo luke. Dena den, gauzak ondo eskatu behar dira, gardenak izan eta gero produktu txukun bat eskaini.
Gonzalo Martin. Ikus-entzunezko enpresen aholkularia
«Telebista tradizionalak bide luzea izango du oraindik»
Interneteko telebista gaiaren inguruko mintegi batean parte hartu du aste honetan Martinek Leioan, EHUko campusean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu