«Botere publikoek kultura eman behar dute; ez dago demokraziarik kulturizaziorik gabe. Hori ez da Espainiako telebistetan gertatzen». Hala adierazi zuen Javier Sabada etika katedradunak La2 katean joan den ostiralean egin zuten Merezitako telebista ote dugu? mahai-inguruan. «Telebistak ez dio etekinik ateratzen kultura zabaltzeko duen aukerari; teknologia berriek ematen dizkioten aukerak alferrik galtzen ditu». Hori ikusirik, ikusleak berak oldartu egin beharra dauka; bakoitzarena da telebistaren urrutiko kontrolarekin egiten duenaren ardura.
Erantzun bila aritu ziren zenbait aditu. «Jartzen digutena daukagu», zioen Ramon Colom komunikatzaile beteranoak. Iritzi berekoa zen Mariola Cubells kazetaria: «Norbaitek eskaintza bat egin duelako ikusten dugu hori;baina askotan helburu gaiztoak dituzte». Cubellsen ustetan, helburu okerrak dituzten horiek programazioa kolonizatu dute, eta hortik heldu da arazoa: «Ikuslea ez da librea». Pluraltasunaz ere jardun zuten: «Telebista plurala da denetik dagoelako», azaldu zuen Jose Manuel Lorenzo Antena3 eta Canal+ kateen zuzendari ohiak. Ramon Colomen iritziz, ordea, plurala baino gehiago «aberatsa» da, denetik ikus daiteke eta.
Telebista eta zaborra
Baina Sabada horri muga bat jartzearen alde agertu zen: «Albistegi batean jasotako irudiak kaltegarriagoak izan daitezke telezaborra baino; informatu egin behar du telebistak, baina ondo informatu, zintzotasunez». Susana Alosete produkzio arloko adituak telebistaren «gardentasuna» azpimarratu zuen, garrantzitsuagoa baita hedabidearen ikuspuntua ezagutzea, ezjakintasunean bizi eta engainatuta sentitzea baino.
«Ikusten duzun bitartean lotsarazten zaituen telebista da telezaborra». Victor Amela kazetariaren hitzak dira. Baina, haren ustez, arazoa ez da telebistarena; jendeak telebistarekin egiten duena da kontua. Javier Sadabak, berriz, beste nonbait ikusten du arazoa: «Edukien aukeraketa hiru pertsonaren esku besterik ez dago». Kontseilu erregulatzaile batek gauzak konponduko ez lituzkeela iritzita ere, edukiak arautzeko beharra ikusten du: «Arau gutxi batzuekin nahikoa da, baina bete daitezela».
Komunikazioa
Telebistako edukia «hiru pertsonak» hautatzen dutela salatu dute adituek
Javier Sadaba etika katedradunaren ustez, irudimena falta zaio telebistari, eta aukera galtzen ari gara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu