Maratila. Aurelia Arkotxa
Terra Corsa 1
Bastiatik Cortirako errepidearen bihurgune eta itzuliak. Urrunean, lanbroak kamustuak ditu arroken kasko zorrotzak. Mendi eta mendixketan, elurra beheiti jaitsia. Eguzkia kukuka ari lainoen artetik. Errepide bazterreko pareta batean letra beltzez idatzia «Corsica nazione». Ponte-Leccian, euri tantak hasten. Haizea azkarki ufaka. Corti: banoa plazari buruz Pascal Paoli ibilbide nagusian. Denetan megafonoak kokatuak dituzte. Eguberriko kantuak, Jingle Bells..., Tino Rossiren abotsez Petit Papa Nöel... Jean Nicoli hiribidea hasten den alturan eskuz idatzia : «Terra corsa, terra nostra». Hiriko langileak Eguberriko apainketen ezartzen ari dira. Pinudi artifizialak gorriak eta berdeak aldizkatuzpausatzen karrikaren bi aldeetako espaloietan. Eta airean ere karrikaren alde batetik bestera trebeska ipintzen ari girgileriak, girlandak, urrezko eta zilarrezko argiz beztituak diren pinu orratzezko izar handiak. Xavier Luciani abenidaren heinean, frantsesezko bertsioetan diren bide seinaleak zirrimarratuak, korsikarrezko bertsioak bakarrik ageri: «Venacu», «A Restonica». Esku berak gehitu duelarik ondoan : «A Francia fora!». Cortin, han eta hemen entzun ditudan solasetan: «Italiako herrialdeek ez gintuzten salbaiak bezala kontsideratzen... Corsicako artzainek Torquato Tassoren eta Ariostoren poesiak gogoz bazekizkitela errezitatzen imaginatzea normala zitzaien Italiar herrialdeei....XIX. mendetik landa Frantziaren lekua Corsican handituz doan arabera, eta Italiako herrien itzala histuz, gauzak aldatzen dira anitz.Mérimée-ren Corsica (Colomba) du instrumentalizatu Frantziak... 1769 arte, 'Regno di Corsica' zen hau!Frantziak gaitu probintzializatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu