Maratila
Terra Corsa 3
Aleria, 23 gradu. Abendua. Libecciu haizea. Arratsaldeko oren bata. Karrika isiletan banabila. Haizearen ufaden ahots bortitza da entzuten den bakarra. Mintzo apokaliptikoa. Itsasoaren urdina urrunean. Hemen egon omen zen exiliaturik Seneka. Zitroin ondoak, laranja ondoak. Gizon batek dio «ça souffle!». Antikitateko ziutatearen aztarnak. Arkeologia miaketak elizaren inguruan. Zeruaren blua. Eguzkitan oinez kurri nabila. Zorion. Itsasoaren urdin intentsoa. Arrosak. Arboletan loreak. Zipresak. Arkeologoak elizaren barnean bilduak dira, solas eta irri, elkarrekin ogitartekoak jaten. Eguzkitik eta haizetik aterbeturik. Pentzeetan artaldeak. Mendi-kateak zerumugan, eta are urrunago gailur zutak elurrez kukutuak. Aleriako gizonak Labradorreko Anse au Loup-eko arrantzaleak duela anitz urte erran zizkigun hitz berdinak erabili ditu («Too windy!» zioen hark). Irletako jendeen hitzak. Itsasoz inguratu irletan haizeak besteetan baino gehiago, azkarkiago (indar gehiagorekin erran nahi dut) ufatzen duelako. Alta, Lapurdiko itsas bazterrean ere haizea altxatzen delarik indar izigarrien beldurra sortzen da errex gure baitan. Eta hemen, Alerian, Hendaian bezala mendiak horizontean. Mendien punta zutek geologikoki berriagoak iduri Lapurdiko itsas bazterretakoekin konparatuz. Libecciu haizearen indarra ezagutzen zukeen Senekak. Hemen Corsican exiliatua zelarik Helvia bere amari idatzi zion «kontsolamendu»-an zioen: «jendeak bere baitan duen gauza preziatuena gizaki poderearen ahalek ez dezakete harrapa... Goazen alegeraki, burua tente, kuraiaz beterik den urrats arinez, hala beharrak bidaltzen gaituen lekura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu