Komunikazioa

'The Guardian' kazetak ez dizkio iturrien izenak eman beharko Poliziari

Murdochen kazetek eginiko entzuketen berri nork zabaldu zuen jakin nahi zuen Scotland Yardek

Edu Lartzanguren.
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Hutsegitea edo etxe barrurako ohartarazpena? Erresuma Batuko Poliziak erronka jo eta atzera egin behar izan du 24 ordutan. Astelehenean, Sekretu Ofizialen Legea sudur aurrean jarri zion The Guardian egunkariari, hango kazetari bati iturrien izenak ematera behartzeko asmoz. Atzo, lege hori erabili nahi izana «desegokia» izan zela onartu behar izan zuen.

News of The Worldegunkariak eginiko entzuketen harira dator Poliziaren mehatxua. The Guardian-ek atera zuen azalera Rupert Murdochen kazetak hainbat pertsonari legez kanpoko entzuketak egin zizkiela. Horien artean zen Milly Dower, desagertuta egon ondoren hilda topatutako gaztetxoa. Murdochen langileek nerabearen telefonoa manipulatu zuten, eta haurra bizirik zegoela pentsarazi zieten gurasoei eta Poliziari. The Guardian-eko Amelia Hill kazetariak aireratu zuen afera, eta haren kontra jotzen saiatu da orain Scotland Yard.

Poliziak susmoa du barruko norbaitek eman ziola informazioa Hilli, eta horren izena eskatu zion kazetariari, bestela Sekretu Ofizialen Legea urratuko zuela.

Kritikak poliziaburuari

Poliziaren ohartarazpenak hautsak harrotu ditu Erresuma Batuan. Izan ere, Scotland Yard bera zuzenean dago nahastuta entzuketa aferan. Uztailaren 17an, poliziaren buru postua utzi zuen Paul Stephensonek. Kritika ugari jaso zituen poliziaburuak, News of the World-eko editore ohi Neil Wallis aholkulari gisa kontratatu zuelako eta harengandik opariak jaso zituelako. Hurrengo egunean, Poliziaren buruorde John Yatesek utzi zuen postua. Entzuketen inguruko froga berriak 2009an jaso arren, ikerketa berriz zabaldu ez izana aurpegiratu zioten.

«Sekretu Ofizialen Legea eskaeran aipatu izana desegokia da», esan zuen atzo Mark Simmons Poliziaren ordezkariak; «ez genuen prentsarekiko aurrez-aurreko gisa planteatu nahi». Ostiralean epaitegietan zuten hitzordua Poliziak eta kazetariak. Entzuketen inguruko langaiak egunkariari kentzeko eskatu behar zion Scotland Yardek epaileari. Bertan behera geratu da saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.