Euskal Herrian ospatzen den Korrika jaialdiaren antzekoa da Rith izenekoa. Euskal Herrian egin beharrean, Irlandan egiten da, eta euskararen alde izan beharrean, gaelikoaren alde. Funtsean, baina, berdinak dira. Hizkuntza gutxitu baten alde dirua biltzeko herrialde osoan zehar egiten den korrikaldia, gaelikoaren aldeko mezua daraman lekuko eta guzti. Izenez ere badira antzekoak, gainera, hemengoa eta hangoa. Korrika esan nahi du rith hitzak gaelikoz. Lehen edizioa du aurtengoa, baina hartua du martxa jadanik, asteartean abiatu baitziren Belfastetik lehen korrikalariak, eta hirugarren etapa hasiko baitute gaur. 1.600 kilometroko ibilaldia eginda, 150 herritatik eta milaka korrikalariren eskuetatik pasata, urratsez urrats eta eskuz esku helduko da datorren asteazkenean Galwayra lekukoa, Saint Patrick egunean, Irlandaren egunean. Han irakurriko dituzte Mary Macaleese herrialdeko presidenteak ekitaldirako prestaturiko hitzak.
Korrika lasterketa du oinarri Rith jaialdiak Siobhan Seoighe ekitaldiaren antolatzaileak dioenez: «Euskal Herrian beren hizkuntza eta kultura ezin modu osasuntsuagoan ospatzen zutela ikusi genuen, eta haren antzekoa den Rith sortzea erabaki genuen». Horregatik Korrikaren antzekoa da antolaketa. Lau modutara har dezake parte jendeak: korrikaldia pasatzen den gunera joan, eta bertan korrika eginez; antolaketan laguntzeko boluntario gisa izena emanez; ibilbideko kilometroak erosiz; eta Internet bidez diru laguntza bat emanez. AEK-ko eta Korrikako ordezkariak ere izango dira, gainera, Rithjaialdian. Dublinen egingo dute gaur arratsaldean beren kilometroa Edurne Brouard Korrikako arduradunak eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak.
Herrialde guztian zehar arituko dira korrika Ritheko parte-hartzaileak, eta www.rith.ie orrialdean ikus daiteke ibilbidearen nondik norakoa. Mapan ikusten denez, jaialdia kostalde inguruan egingo da, batez ere. Laguntzaileak aurkitu dituen guneetan zehar, hain zuzen ere. Bi urtean behin ospatu nahi dute festa, eta litekeena da hurrengo edizioetan eremua zabaltzea.
Atsedenaldia, gauez
Euskal Herrian ez bezala, Rithen goizetik gauera arte baino ez dira ari korrika. Rith Club izeneko guneetan elkartzen dira korrikalariak gauez. Birtualki egiten dituzte han Rithek hurrengo goizean abiapuntu izango duen herrirainoko kilometroak. Ibiltzeko zinten gainean.
Gaelikoa laguntzeko Ciste Rith Ar Son Na Gaeilge izeneko funtsak jasoko ditu festari esker lortutako sosak, eta herriz herri gaelikoaren alde aritzen diren taldeei helaraziko die gero. Oraingoz, baina, tipi-tapa, tipi-tapa, korrika jarraitu beharko dute parte-hartzaileek lehen edizioaren helmugara heltzeko.
Tipi-tapa, tipi-tapa, Rith
Orain bi egun hasi da gaelikoaren aldeko 'Rith' izeneko jaialdia Belfasten, Korrikaren antzeko ekimena; 1.600 kilometro egin ondoren helduko da Galwayra asteazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu