Ikusten dut berdin jarraitzen dutela Vaya semanita-ko lagunek. Joan dira aste batzuk errotiko aldaketa famako hura ustez gauzatu zenetik, baina kontuak bere horretan dirau. Eta ez naiz ari umorezko saioak hartu duen jaidura politiko jakinari buruz, ez. Ados nengoke: diskutigarria da asmo politiko baten gaineko umorea egitea, umore egite hori asmo politiko bakarraren gainean egiten bada. Hots, luma agerian uzten dutela ezker abertzalekoa omen den estetika batekin sartzen direnean bakarrik—eta sartzeko modukoa da, alajaina!— edota erreferendumaren kalakarekin jarraitzen duten alkate gazteak hartzen dituztenean jomuga soilik —bide batez, balizko superportu baten alde agertu da azken saioan alkate gaztea—. Baina hori guztiori kritikagarria izan daitekeen arren, beste kontu batek gainditzen dizkit dezentziaren mugak.
Ez da hainbeste hamaika bider operatuta dagoen silikonazko emakume baten kontura egiten dutela trufa. Tira, azken batean norberak erabakitzen du bere diruarekin zer egin, dela egunkaria erosi, dela kamioiaren pneumatikoen pare jartzea ezpainak. Ez da hainbeste Londrestik cool eraldaturik etorri den memeloarekin broma egiten dutela. Ikusten dut aste batzuk joan arren berdin jarraitzen dutela ilea galtzen duen nerabearekin, erremerrea den polizia autonomikoarekin. Eta bestea, tira, gehiago gusta dakiguke edo gutxiago, baina, nola esan, estereotipoen gainean eraikitako txantxak dira, eta ez ezintasun fisiko, gabezia biologiko baten gainean egindakoak. Imajinatu une batez eszena, zeure burua pantailan trufatua ikustea. Ertzaina bezala, bahitzailea ere erremerrea da, eta ez dugu zail bien arteko negoziaketa entzutea: «ez dizut zuri barre egiten», esaten du momentu batean uniformedunak. A, gauza ederra ironia. Eta bat da estetika abertzalearen Llonguerasa antzeztea eta beste bat nerabe aroan den gazte batekin makur aritzea. Diot nik.
Beti iruditu izan zait umorea gora begira egin behar dela, ahalik eta hegazti potoloena harrapatzen saiatu behar duela. Eta inolaz ere ez ahula, hauskorra, azken katebegia, defendatu ezin dena. Baina horretan ere ari da Vaya semanita berritua. Kasualitatea, astelehen gauean bertan programa bukatu eta jarraian agertu ziren garai bateko Vaya semanita-ko aktoreak, TDT esto TDT saioan. Programatzaileren baten nostalgia atakea, akaso.
Komunikazioa. Ekografiak
Tiro hauskorrari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu