Ofizioa afizio bihurtu zuen 1983an Juan Palmer Llinasek (Puigpunyet, Herrialde Katalanak, 1925). Itsasoetan nabigatzetik itsasontzi modeloak egitera pasa zen. Kutxak antolaturiko XIII. Itsasontzi Erakusketan ontziak maketatzeko ikastaroa ematen du, eta han dabil buru-belarri itsasontzi baten gila eta zuakerrak egiten.
Noiz hasi zinen itsasontziak modelatzen?
1983an hasi nintzen tailerraren egunerokotasunarekin, baina aurretik modelo batzuk eginak nituen.
Zenbat itsasontzi egin dituzu?
Gerraontzietan Bismarck, New Jersey, Yamato eta Príncipe de Asturias egin ditut. Bidaiariontzietan Queen Mary, Titanic, France, Michelangelo eta Habana. Horrez gain, ontzi txiki mordoa egin ditut.
Zergatik hasi zinen ontziak modelatzen?
Ni itsasgizona naiz, eta ofizioa afizio bihurtu nuen. 23 urterekin hasi nintzen nabigatzen, Bartzelonan ikasketak burutu ondoren. Domine itsasontzian lau urte eman nituen, harik eta pilotu egin eta Donostiara Cementos Rezola 1 ontzian lan egitera etorri nintzen arte. Hainbat barkutan eta espediziotan egon ondoren, 1983an erretiroa hartu nuen. Erretiroa hartzean, sei hilabete eman nituen Donostiara lagunekin poteatzera joaten, eta egunero erdi mozkorra iristen nintzen etxera. Nahikoa nuela erabaki nuen eta Buenavistan lokal bat hartzea erabaki nuen itsasontziak modelatzen hasteko. Bost urte eman nituen lokal horretan maketak egiten. Gero, Pasai San Pedroko Erretirodunen Egoitzako bazkide egin nintzen, eta udalarekin hitz egin ondoren, tailer bat eman ziguten 1987an.
Asko ikasiko zenuen geroztik.
Bai, noski, esperientzia gehiago daukat orain. Pentsa, bost karpeta ditut planoz beteta.
Nolakoa da modelatze prozesua?
Marketeria zerrarekin moztu, ezten batekin markatu, alderantziz moztu, lizpaper txikia erabili, muntatu, zinkez estali, desmuntatu, piezaz pieza margotu, eta berriz ere muntatu. Pixkanaka egin behar da. Gila egiten hasten da normalean, baina egurrezko kroskotik hasi nituen batzuk, antzinako ontziak egiten ziren eran.
Zenbat denbora eskatzen dizu itsasontzi bakoitzak?
Tamainaren arabera. Lehen ordu guztiak idazten nituen, baina aspaldi utzi nuen ohitura hori. Titanic egiteko bost urte pasatu nituen, ordu produktiboetan 4.500 ordu.
Ordu asko sartuko dituzu tailerrean.
Orain ez hainbeste, baina gazteagoa nintzenean 08:00etan sartu eta 12:30ak arte egoten nintzen. Eta arratsaldean berriro; 15:00etatik 19:00etara. Larunbata eta igandeak salbu, asteburuetan ez nuen lanik egiten.
Zein itsasontzik sortu dizu zailtasun handien?
Dominek. Titanicek eta Habanak ere zailtasunak sortu dizkidate. Historia egin duten ontziak dira, eta ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz.
Egin dituzun barku guztien artean gogokoenen bat izango duzu.
Domine. Lau urte eman nituen Dominen nabigatzen. Titanic ere berezia da niretzat, nire emazteak eskatu zidan egitea, eta metro bat eta 70 zentimetro ditu maketak. Bi horiek eta France etxean dauzkat. Azken horioraindik ezkondu gabe ginenean egin nuen.
Zer sentitzen duzu ontzia amaituta ikustean?
Izugarrizko poza sentitzen dut. Itsasontzi guztiek denbora asko eskatu didate, pieza guztiak eskuz egiten ditut.
Maketa amaitzean, zer egiten duzu barkuekin?
Egindako gerraontzi guztiak saldu ditut. Ilobak ezkontzean dirua edo barkua nahi duten galdetzen diet, eta guztiek maketa nahi dute.
Badago zaletasunik Euskal Herrian?
Asko galdu da zaletasuna. Pasai San Pedroko tailerrean hiruzpalau aldiz komentatu izan dut klaseak astean bi aldiz emateko prest nengoela, baina ez da inor azaldu. Bestalde, Donostiako Aquariumean dabiltzan guztiak adinduak dira.
Juan Palmer Llinas. Itsasontzi modelista
«'Titanic' egiteko bost urte pasatu nituen, 4.500 ordu praktiko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu