Presak agintzen duen gizartean kontsumismoa da nagusi. Berria zaharra baino gehiago baloratzen da, normalean. Baita arropetan ere. Urruti geratu dira galtzak anai-arreben artean uzten ziren garaiak, eta denbora gehiago irauteko jertseak behar baino neurri handiagoan erosten ziren urteak. Gaur egungo oso gazte gutxik erabili dute, noizbait, jostorratza eta titarea; arropa konpontzea ez da batere ohikoa adin jakin bateko jendearen artean. Josteak eskatzen duen pazientzia ez dago sobera egun. Erosi, erabili eta botatzearen filosofia gailendu da. Armairuari beste aukerarik eman gabe. Hori gerta ez dadin, gero eta arruntagoak dira josten konponketa txikiak egiten ikasteko ikastaroak.
«Gaur egungo gazteek ez dakite josten», dio Tere Jimenok, Legazpiko Irule elkarteko kideetako batek. Aste honetan hasi da Legazpin josteko lan txikien ikastaroa, eta ikasturte osoa iraungo du. Tere Jimeno antolatzailea da, baina klaseak Inma Lazkanok emango ditu. «Arropa konponketak egiten irakatsiko diet ikasleei, galtzak estutzen edo kremailerak aldatzen ikasiko dute, besteak beste», azaldu du Lazkano irakasleak. Kuxinak, haurrentzako mozorroak eta baserritar jantziak josten ere jardungo dute izena ematen dutenek.
Irule elkarteak 25 urte
Ez da lehendabiziko urtea ikastaroa antolatzen dutena, eta jende asko ibili da orain arte; gehienek soslai jakin bat dute: «30-40 urte inguruko emakumeak etortzen dira batik bat, seme-alabak dituzte, eta ez dakite josten», adierazi du Jimenok. Baina tartean gizonezkoak ere izan dituzte. «Lehengo urtean 60 urte inguruko erretiratu bat izan genuen. Bakarrik bizi zen etxean, eta zulatutako galtzak konpontzen ikasi nahi zuen».
Jostun ofizioa asko aldatu omen da azken urteetan, Lazkano irakaslearen arabera. «Beasainen ikasi nuen, eta urte asko daramatzat lanbide honetan. Orain ez dut arropa eskaera gehiegi jasotzen, dendetan eskaintza handia baitago, eta jendeak nahiago du han erosi. Gainera, batzuetan ez du merezi, denbora gehiegi eskaini eta irabaziak eskasak baitira». Etxerako kortinak eta edredoiak egiten ditu orain Lazkanok.
Ikastaroa Irule elkartearen bidez antolatu du Udalak. Eskulanak egiteko biltzen dira elkarte horretan arratsaldero, denbora-pasa modura. «Denda batean galtzen barrena hartzea oso garestia zela aipatu zigun gazte batek. Berak bere kasa egiten ikasi nahi zuen, eta horrela bururatu zitzaigun klaseak ematen hastea», aitortu du Jimenok. «Erlaxatu egiten nau josteak, eta etxetik kanpora ateratzeko modua da. Giro ederra dago gure artean, eta adin guztietako jendea biltzen gara», dio Jimenok.
Josteaz gain, eskulan eta pintura ikastaroak ere eskaintzen dituzte. Irule elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta ospakizun bereziren bat egitekotan dira horren harira.
Titarearen jarraitzaileak
Gazteen artean ez da batere arrunta josten jakitea. Horregatik, herri askotan antolatzen dituzte josten ikasteko ikastaroak. Legazpin, esaterako, ikastaroa hasi berri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu