Festa girorik ez da faltako asteburu honetan Zugarramurdin (Nafarroa). Dagoeneko tradizio bihurtu duten txotxongiloen jaia dator, eta zortzigarren urtez titiriteroek hartuko dute sorginen herria, ume zein heldu irudimenez sorgintzeko; horretarako, askotariko antzezpenak izango dituzte lanabes, kolorea eta formak, ahotsak eta esamolde bitxiak.
Eskual Titiriteroen Topaketa 1996an antolatu zuten estreinakoz Zugarramurdin, Mikel Diazen heriotzaren ondotik; panpinak egiteko teknikan espezializatua zegoen hura. Diazen omenez antolatu zuten titiriteroen lehen topaketa hura. Bidean zirela, ordea, euskal txotxongiloen inguruko hausnarketa bat egin zuten: «Nahiz eta Euskal Herrian txotxongiloen topaketa badiren, horiek nazioartekoak dira, eta hemengo talde guztiek ez dute haietan parte hartzerik izaten». «Hutsune» hori ikusita, Zugarramurdiko topaketa euskal taldeentzako izatea erabaki zuten.
Geroztik, euskal taldeentzat erreferentzia da Zugarramurdiko topaketa, «beste topaketa komertzialagoetatik bereiziz». «Giro hurbilagoa eta lagunkoiagoa» eskaintzen dutela diote Eskual Titiriteroen Topaketen antolatzaileek.
Egun osoko jarduna
Larunbatean, 11:00etatik aitzin hasiko dira taldeen antzezpenak. Taupadak zabalduko du egitarau zabala. Haurrentzako tailerrak eskainiko ditu eskolako plazan. Eguerdian Zurrunka taldeak Erraldoi bihotz gabe emango du, eta 13:00etan, berriz, Taun TaunenTxio-txioka ikusi ahal izango dute haurrek Akelarrenean.
Bazkaldu bezain laster abiatuko dira atzera panpinen pasadizioak Colectivo Humorekin, eskolako plazan (15:30ean). Arratsalde osoan ez da faltako zer ikusi: Behin bisek, Panta Rheik, Golokak eta Cobaya Teatrok euren obrak taularatuko dituzte, museoan, Akelerrenean eta kalez kale. Taloekin afaldu, albokariekin gozatu eta gauerako indarberriturik El Tenderetek estreinatuko duen Titere Ska ikusteko aukera izango da, 23:00etan, Karpan.
Igandean izango du segida festak; goizetik bazkaltzeko ordua arte Azika, Antzezkizuna, Bihar,eta Iñaki Mata taldeak ariko dira umeeen arreta bereganatzen.
EUSKAL TITIRITEROAK
Zer. Txotxongilo obrak, kalejirak, musika, tailerrak, taloak...
Non. Zugarramurdin (Nafarroa).
Noiz. Larunbatean eta igandean.
Titiriteroen unibertsoan
Zugarramurdi. Eskual Titiriteroen Topaketa izango da asteburuan herrian, ume zein helduen gozamenerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu