Apirilaren 12an airatuko dira gazteak, bi irakaslek lagundurik, Nounya (jakintza, eweeraz) Etxea eraikitzeko xedearekin. Hilabete batez, liburutegia, informatika gela eta hiesaren inguruko informazio zentroa josteko asmoa dute gazteek.
Duela urte bat, Human Isa elkartea sortu zuten ikasle horiek berek. «Gure ikasketak bukatzeko proiektu humanitarioa gauzatu behar dugu. Elkarte hori Togon eraikiko dugun etxea egiteko sortu dugu, bai eta hurrengo urteetako ikasleen proiektuentzat ere», azaldu dute Amaia Arantzamendi eta Iratxe Kobeaga ikasleek. Bi bizkaitarrak joan den urtetik Angeluko ingeniaritza eskolan daude, eta osoki parte hartu dute Nounya Etxea xedean. «Hainbat proiektu genituen. Bata Ginea Bissaun, bestea Burkina Fason eta beste bat Togon. Segurtasun handiena azken horrek ematen zigun. Tove Ati herria itsasotik 100 bat kilometrora dago, hiriburutik hurbil... Ingeniaritza eskolak ere ez zigun baimenik emango segurtasun maila nahikorik izango ez balu», azpimarratu du Kobeagak.
Bi ikasleen iduriko, Nounya Etxea eraikitzeak interes handiagoa dauka halako herri batean. «Senegalen egingo bagenu, ez litzateke gauza bera izango, oso herri turistikoa baita. Togo, berriz, oso pobrea da, Afrikako herrialderen artean pobreenetarikoa», jakinarazi du Kobeagak. «Duela 20 urte aberatsena zen, ordea. Baina 1990eko hamarkadan diktadura ezagutu ondoan, pobretuz joan da Togo. 2005etik honat, gauzak hobetuz doaz, ordea, lehendakari berria izanez geroz», erran du, berriz, Arantzamendik.
HIESAK ZAPALDURIK. Pobreziarekin batera, hiesak gogor zapaltzen duen herria da Togo. Onusida erakundeak aztertu duenez, 110.000 lagunek daukate gaixotasuna. Horietan, hamabost urte azpitik duten 9.700 haur. 5.400ek baizik ez dute artatzeko ahala lortu. Hiesarengatik, 9.100 lagun hil dira 2005ean, eta 88.000 umezurtz daude.
Europan xumea iduri lukeen Nounya Etxeak ondorio zabalak izan ditzake Togon. «Hiesaren inguruan dauden datuak oso urriak dira. Babestu eta lagundu gaituen Leo Lagrange elkarteak proposatu digu informazio zentro bat eraikitzea», ohartarazi du Kobeagak. Tove Atiko herritarrek kondoiak ere aurkituko dituzte Nounya Etxean. Afrikak kontinente bortitzaren fama izanik ere, proiektuaren gauzatzearekin anitz igurikatzen dute bi ikasleek. «Aurreko belaunaldiak oso pozik geratu dira horrelako esperientziarekin. Gu ere aberastuko gaitu Togon eraikiko dugunak, elkartasuna beharrezkoa izango baita etxea eraikitzeko», erran du Arantzamendik. «Ikusi, bizi, eta gero esango dugu Afrikan ikusten den miseria jasateko gai izango garen».
Sei togoar gazteekin ere lanean arituko dira Angeluko ikasleak. «Hasierako kontaktu bat da, ez da behin bakarrik hara joatea, eraikitzea eta alde egitea. Hango jendearekin egingo dugu lan aurrerantzean ere. Izan ere, han badago talde bat zentro horretan lanean jarraituko duena», azpimarratu du Kobeagak. «Nounya Etxeak topagune ere izan behar du. Oholtza bat eraikiko dugu kanpoan, plaza gisa baliatuko duguna. Gaualdiak hor egingo dira han izango garen bitartean, eta gero ere jarraituko beharko dute», erran du Arantzamendik. Hormigoi-makina, harea, txintxorra... behar diren tresna guziak eramanen dituzte jakintzaren etxea eraikitzeko. Zortzi ordenagailu, eta liburu franko ere ekarriko dituzte maletetan, gehienak eskolako historia-geografia, matematika, hizkuntza eta literatura saileko lanak, liburutegietan aurkituak. Batzuk euskaraz ere izanen omen dira. Dirua baino aberasgarriagoak izaten ahal baitira kultura eta informazioa. Eta aitzurkadak.
Oraindik 5.000 euro falta ditu proiektuak
Nounya Etxea eraikitzeko, 75.000 euroko aurrekontua finkatu dute Human Isa elkarteko kideek. Oraindik 5.000 euro falta zaizkiela jakinarazi dute Amaia Arantzamendi eta Iratxe Kobeagak. «Diru laguntzak jaso ditugu, Interneten bidez josi dugun kateari esker, batez ere. Gure proiektua Akitania eskualdeko lehiaketetan ere aurkeztu dugu, dirua lortzeko. Gaualdiak eta bestak ere antolatu ditugu, lanean ere aritu gara...».Martxoaren 20an antolatu dute dirua jasotzeko azken besta. Angeluko Amodio Ganbara hondartzako Kongresu gelan poker txapelketa izanen da, 13:30etik goiti. Eta, arratsean, Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko kide batek hitzaldia emanen du, hiesak Afrikan duen egoeraren berri jakinarazteko, Togoko adibidean oinarrituz. Bestalde, diru laguntzak eman nahi duenak helarazten ahal dizkio Human Isa elkarteari. Txekeak bidal daitezke helbide honetara: ISA BTP, 2 Montaury etorbidea 64600 Angelu. Posta elektronikoa ere badute: [email protected].