Tokiko soinuen erakusleiho

Tokiko musika taldeei beren artea ezagutarazteko aukera eman nahi die EHZk. Horien artean, Iparraldeko Konpilaziokoei, gaur eguerditan hasiko direnak; baita EHrZren irabazle The Rodeo Idiot Engine taldeari.

Nora Arbelbide Lete.
Heleta
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Brain Shake (punk rock, Baiona), Plankton (metal punk, Hendaia), South Side (Ska, Baiona), Blastwave (hard rock, Angelu), Mak Fly (rock, Donibane Lohizune), The Flying Sex Toys (reggae Ragga, Bidarte), horiek dira Musika Kolektiboen eszenan entzuten ahalko diren taldeak, gaur eguerditik entzungai.

Anitzentzat izen ezezagunak izan arren, zer erran badutenak badira, hori deritzo Iparraldeko konpilazioak. Eta horra hor, EHZrekin partaidetzari esker antolatu eszena berezi horren arrazoia. Hauek ere izan dezaten leku bat. Berez, Iparraldeko Konpilazioa elkarte bat da, azken zazpi urteetan, Ipar Euskal Herriko taldeei laguntza eskaintzeko antolatua, bereziki promozioan. Gaur arte 70 ditu grabatuak, urtero hamar bat, www.iparraldekokonpilazioa.org web gunean entzun eta deskargatu daitezkeenak. Vinilak ere kaleratzen ditu urtero. «Musika ez da bakarrik musika instrumentu bat jotzea, horrez gain, badira beste hamaika gauza egitekoak», argi du Iparraldeko konpilazioko arduradun Christophe Saint-Georgesek. Bai administrazio aldetik, dela taldea antolatzeko elkarte bat sortzea edo beste, egile eskubide... Iparraldeko Konpilazioaren lana horiei guztiei buruz gomendioak ematea da. Baina bere betekizun nagusia, agian, promozioa segurtatzeko osatzen duen konpilazioa da. Hainbat gunetara bidaltzen, kontzertuak programatzeko, artean, Mexikotik Montrealera doan Euskal Etxeen sarearena: «Hemen musika kulturala da. Maila ona da eta instituzioek horretaz ohartuko direlarik, izanen da zer aitzina eraman», abisatzen du Saint-Georgesek.

Potentzial horren lekuko dira aurtengo konpilazioan parte hartu duten The Rodeo Idiot Engine.22:00etan ariko dira gaur, taula gain nagusian. Izan ere, honek aurtengo EhrZ lehiaketa irabazi du, eta horrek ireki die eszena nagusiaren atea. Hardcore kaotikoan murgildurik, 2009an sortuak dira. Beren lehen disko luzea karrikaratu berria dute: Fools will crush the crown izenekoa. Donibane Lohizune-Ziburu eta ingurukoak, bereziki ingelesez kantatzen badute, konpilazioak kantu bat euskaraz grabatzeko aukera eman die.

Ororen buru, konpilazioa edo EHrZ, azken finean bide guztiak onak dira beren burua ezagutarazteko. Hori bai, gaur gaueko eszena nagusia ilusio handiz irudikatzen dute: «EHZn urteetan laguntzaile izan eta, aurten musikari bezala etortzeak kriston poza sortzen digu», dio taldeko kide Txomin Urrizak. Bereziki, gainera, EHZren filosofiarekin bat egiten dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.