Tokiko eskaintzak audientzia handia duela erakutsi du Euskararen Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herrian burutu berria duen inkestak. Jean Claude Iriart zuzendariak emaitzak sakon azaldu ditu.
Zein izan ziren hedabideei buruzko inkesta egiteko arrazoiak ?
Helburu zehatzak genituen inkesta egiteko orduan. Lehenik, jendeen ohiturak ezagutzea, jakitea zer ikusten duten eta zer entzuten duten, noiz, zeinek. Proiektuak prestatzeko beharrezkoa da diagnositik abiatzea. Bigarrenik, neurtu nahi genuen tokiko eskaintzaren eragina. Ez soilik euskarazkoena, tokiko ikus-entzunezko erdaldunen eragina ere bai.
Ezustekorik atzeman duzue inkestaren emaitzetan ?
Behatzaileen aldetik, Frantzian bezalako emaitzak lortzen dira. Abantzu hiru orenez ikusten da telebista, eta bost minututik bat dagokio tokiko telebistari. Irratiak bi oren eta 23 minutuz entzuten dira, baina 43 minutuz entzuten dira tokiko irratiak, eskaintza zabalagoa izan arren. Irratietan fideltasun handiagoa dago tokiko eskaintzarekin. FR3 katea Antenne2 edo TF1n pare agertzen bada ere, iraupenean da berezia. Irratiari eskaini denbora txikiagoa den arren, 43 minutuz aditzen dute tokiko eskaintza, telebista baino hamar minutu gehiago. Pentsa daiteke eskaintza aberatsagoa duela irratiak. Normalean irrati entzuleak telebista ikusleen bi herenak dira. Ez da hori gertatzen hemen. Ez genekien zenbatek ikusten zuten euskal telebista. Orain badakigu 40.000 direla erregularki eta 85.000 aldizka. Kopuru berak dira irratietan.
Alta, euskal telebistaren ikusleen %44 ez dira euskaldunak. Zer iritzi duzu ?
Ipar Euskal Herri osoan 60.000 euskaldun daudela. Euskaldun guztiek ez dituzte erregularki behatzen euskal telebista edo irratiak. Bertze aldetik, badakigu bederen ikusleen herenak ez direla euskaldunak. Datua garrantzitsua da. Euskadi Irratiarentzat ere, portzentajea handia da. Batetik, frogatzen da euskal hedabideek entzuleria propioa dutela eta erdaldunak erakartzeko gaitasuna daukatela. Zaila zen hori jakitea inkesta egin aitzin. Gure ustez, kirola eta musika eskaintza dago emaitza horren oinarrian.
Euskararen prestigioak azal dezake nolabait euskal komunikabideen eragina?
Erran daiteke baietz, Euskadi Gaztearen entzuleetarik anitz erdaldunak dira; beraz, euskal musikak jendea erakartzeko gaitasuna dauka. Baina ez dugu erantzun zientifikorik.
EITBk emaitza onak ditu Ipar Euskal Herrian, lausoguneak izan arren.
Azken bi urteotan EITB hartzeko baldintzak biziki okertu dira. Hala ere, kontrako testuinguruan, ezusteko ona izan da emaitza. Pentsa daiteke, hemengo ekoizpen gehiago balira edo bertako telebista bat garatuko balitz, kopurua emendatuko litzatekeela. 2008. urtean gai izanen gara garapen eskema bat proposatzeko. Dena dela, bilkura bat eskatu diogu CSA etxeari, telebista digitalaren banaketan euskal kate batentzako tokia atxikitzea eskatzeko. Ondoko urteetan banatuko dira telebista uhinen baimenak, eta euskarak presente egon behar du horretan.
Irratiei doakienez, ezberdintasun handia dago eskualdeka.
Baiona-Angelu-Miarritze gunea hartzen badugu, nabarmen ikusten da tokiko hedabideen ahulezia. Euskararen presentziari lotua dago . Lurralde euskaldunenetan gehiago entzuten da tokiko eskaintza. Lotuta daude euskara eta tokiko hedabideekiko fideltasuna. Euskal Irratiak entzuten dira gehien Nafarroa Beherean, eta aise gainditzen dituzte Frantziakoak.
Geroari so, hizkuntza politikaren ildotik, zein dira emaitzarik interesgarrienak ?
Hizkuntza politikan erraten genuen sostengatu behar zirela euskara baliatzen duten hedabideak. Hori frogatu da inkestarekin: atxikimendu handia dute, eta sostengatu behar dira. Laguntzak eraginkorrak dira. Gaur egun, euskaraz ari diren hedabideak lagundu behar direla frogatzen du horrek. Arrakasta handiagoa ukan dezakete lagunduz gero. Beraz, has gaitezen beren probak egin dituzten hedabideak azkartzen eta laguntzen. Bigarrenik, frantses hedabideek badakite presentzia handiagoa eman diezaioketela euskarari, ez dutela entzulerik galduko. Azkenik, hedabide berriak sortzen lagundu behar dugu, telebistaren arloan bereziki. Irrati eskaintza aberatsa da, telebistarena ez bezala. Tokiko kate gehiago balira, euskarak eragina irabaziko luke.
Publizitatea diru iturri garrantzitsua da. Pentsatzen duzue zerbait egitea publizitate hartzaileak sustatzeko ?
Ondoko aste edo hilabeteetan euskal hedabideen aldeko kanpaina abiatuko dugu. Gizarteari ezagutarazi behar diogu euskarazko eskaintza. Bestalde, badakigu prentsa bizi dela eragile pribatu eta publikoen publizitatetik eta funtsezkoa da hori sustatzea. 2008an garatuko dugu lan sail hori. Prentsa idatzia sustatzeko kanpaina ere hor sartuko da.
«Tokiko telebista gehiago balira, euskarak eragina irabaziko luke»
Ipar Euskal Herrian hamar ikus-entzuletik batek euskal hedabideak segitzen ditu erregularki, eta Irulegiko irratia da Nafarroa Beherean gehien entzuten dena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu