Independentzia gerra bukatzear zela Tolosako herrian (Gipuzkoa) izandako bataila gogoraraziko dute, lehen aldiz, igandean. Andia kultur elkarteak, udalaren laguntzarekin, Tolosako I. Alardea antolatuko du. 145 lagun inguruk, garaiko militarren uniformez jantzirik, herriaren historian giltzarri izandako pasartea antzeztuko dute.
Napoleonen tropen kontrako Independentziako gerran, XIX. mende hasieran, bataila bortitz zein erabakigarria izan zen Tolosakoa. Frantziako armada, Jose erregea buru zuela, Gasteizen jasandako porrotaren ostean, erretiroan abiatu zen. Foy jeneral frantsesak gidatzen zuen armadak ez zuen Gasteizeko batailan parte hartu, eta Tolosako herria aliatuengatik defendatzea erabaki zuen. Ziur zegoen jenerala Jose erregeak Tolosako bidea hartuko zuela Frantziara ihesean.
Jose Mari Tuduri zinema eta antzerkian aditua da alardearen zuzendari artistikoa. Gertakari historiko militarrak antzezten eskarmentua du Tudurik. Ramon Labaien eta Jose Antonio Rekondo izango ditu laguntzaile. Lehenengoa historia militarreko berregiteak egiten aditua da, bigarrena, berriz, Tolosa y la provincia durante la ocupación francesa (Tolosa eta probintzia frantsesen okupazioaren garaian) liburuaren egilea da. Rekondok berak azaldu duenez, orain urtebete hasi ziren alardearekin lanean. «Tudurik zuzentzen zuen Lakarreko borrokaren (Nafarroa) antzezpena ikusi, eta ikaragarri gustatu zitzaigun. Orduan erabaki genuen Tolosan antzeko zerbait egin behar genuela gure historiarekin lotuta».
Alardearen egun handia igandea izango bada ere, eguna girotze aldera hainbat ekitaldi prestatu dituzte aldez aurretik. Ramon Labaien eta Jose Antonio Rekondok, tolosarrei euren herriaren historia azaltzeko xedez, Tolosa eta frantsesak Independentzia gerra garaian hitzaldia emango dute gaur, ostegunean eta ostiralean. Historia gaztetxoei hurbiltzeaz arduratuko da Javier Esteban historiagile tolosarra. Laskurain eta Hirukide ikastoletako ikasleei azalduko die orain bi mende herrian gertatutako borroka.
Nafarroa zubiko borroka
Igande eguerdian hasiko da tropen desfilea, Musika Eskolan. Gorosabel kalea zeharkatu, eta Triangelu plazan instrukzio ariketak egingo dituzte, mosketeekin tiro eginez. Solana kalea igaro, eta Nafarroako zubian borrokaren antzezpena egingo dute.
Frantziako eta Ingalaterrako soldaduez gain, udal musika bandak ere hartuko du parte antzezpenean. Oholtza batean ezarriko da banda, Igarondoko zelaian, zubiko sarreratik hurbil.
Izaskun errepidetik iritsiko dira ingelesak formazioan, Rule Britannia konposizioaren doinuekin. Karratu formazioan, zubiaren alde batean ezarriko dira.
Frantsesak, berriz, Marlbourg martxaren doinuak lagun dituztela, udaletxe plazatik iritsiko dira zubira. 24 fusilari frantsesek estaltze sua egingo dute Idiakez jauregitik.
Behin bi bandoak euren tokietan ezartzean, Beethovenen Wellingotnen garaipena sinfonia joko du bandak. Frantziari aurre egiteko asmoz Austria Ingalaterrarekin elkartu zela ospatzeko idatzi zuen sinfonia Beethovenek. Ordu erdi iraungo du antzezpenak, eta, bukatzean, Musika Eskolara bueltatuko dira tropak. Desfilatzen duten bitartean Frantziako eta Ingalaterrako martxa militarrak joko ditu bandak.
Beethovenen sinfonia antzeztea izan da zailena, Rekondoren aburuz. «Lehenengo aldiz egin da. Zaila izan da, bai teknikoki, baita koordinazio aldetik ere».
Batailan izandako esanahi bereziagatik egingo dute antzezpena Nafarroa zubian. Herri inguruko mendietan hasi ziren borrokak, eta zubi estrategiko hori hartu zutenean amaitu zen. Egun osoa iraun zuen borrokaldiak,eta 1.600 hildako inguru eragin zituen. 1990. hamarkadan, zubia defendatzen zuten frantses soldaduen hezurdurak aurkitu zituzten.
Alardearen ostean, herri bazkaria izango da, 14:30ean, Barazki plazan. 210 pertsona inguru bilduko dira. Alardean parte hartu duten soldadu eta musikariez gain, herritarrak ere gonbidatuak daude bazkarira.
2013ra begira
Independentziako gerraren amaieraren 200. urtemuga ospatzeko egingo diren ekitaldietan pentsatzen daude jada alardeko antolatzaileak. Donostia, Gasteiz, Baiona, Donibane Lohizune... eta beste hainbat herritako kultur taldeek elkarte bat osatu dute, ekitaldiak antolatze aldera. Tolosak ere bere ekarpena egingo du. «Alardea dela-eta jendeak erakutsi duen ilusioarekin jendarme frantsesen talde bat osatuko dugu», adierazi du Rekondok.
Tolosako borroka antzeztuko dute igandean, herriko lehen alardean
Andia kultur elkarteak bultzatuta, lehenengoz egingo dute alardea; 145 lagun inguruk parte hartuko duteIngalaterrako tropek 1813an kanporatu zituzten frantsesak Tolosako herritik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu