Maratila

Topografia

Aurelia Arkotxa.
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Duela bi mila eta bostehun urte. Aspaldiko Txinan. Sun Tzuren Gerlaren Tratatua zabaltzen ari. Diote batzuk hobe litzatekeela Gerlaren Artea deitu. Ohartzekoa da «Topografia»-ri zati berezia diola eskaintzen. Sei toki edo leku mota bereizten ditu Sun Tzuk: toki eskuragarria, toki maltzurra, eraginik gabekoa den tokia, toki meharra, toki malkartsua, toki urruna… Toki eskuragarria gerlan diren bi partaideek errazki gurutza dezaketen hura da. Nonbaitetik errazki atera baldin badaiteke, ordea nekez hara itzul: maltzurra da tokia. Eraginik gabeko tokia zein den? Etsaiarendako bezainbat guretako kaltegarria den hura. Erreka bateanadibidez (erreka hemen ibar hertsiaren zentzuan) sartzeak etsaiari hetsi behar zaizkio. Eta etsaiaren zain han da egon behar. Eman dezagun, bestalde, etsaia gu baino lehen heldua dela toki batetara eta osoki blokeatuak dituela errekak (haran hertsiak) eta haitzarteak: ez da haren atzetik ibili behar. Aldiz ez baditu erreken eta haitzarteen sartzeak osoki blokeatzen: bai joan gaitezke gibeletik. Malkartsua den tokian gure posizioak alturan eta eguzkitan jarri behar ditugu: han dugu etsaiaren beha egon behar. Sun Tzuk larderiatzen ditu jeneralak, erraten die behin eta berriz,konbatean, lekuen konfigurazioa oinarrizkoa dela. Beraz aurretik kalkulatu behar direla puntu hauek: etsaiaren egoera zein den, distantziak nolakoak diren, zenbatetarainokoak diren tokiaren nekeak. Eta dio Sun Tzuk: «Hemen aipatu ditudan puntu hauen arabera gudukatzen denak biktoria lortuko du, aldiz horrela ez bada gerlaren galtzea ja ja seguru da. Ezagut beza batek etsaia, ezagut beza batek bere burua. Ezagut itzazu lekua eta meteorologiaren gora beherak : zure biktoria osoa da izanen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.