Telesailak

Totalitarismoen satiran galduta

Kate Winslet Hollywoodeko izarra da ‘The Regime’ Erresuma Batuko komedia irregular berriaren protagonista. Amazonek estreinatu du Ipar Euskal Herrian, eta HBOk Hego Euskal Herrian.

(ID_13677163) (/EZEZAGUNA) (;)
'The Regime' telesaila. HBO MAX
Mikel Yarza Artola.
2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

Badira haien inguruan sorturiko aurreikuspenetatik oso urrun geratzen diren nobedadeak. The Regime horietako bat da. Will Tracy The Menu filmeko eta Succession telesaileko hainbat ataletako gidoigileak estreinako telesaila plazaratu du sortzaile gisa, Kate Winslet protagonista duen satira politikoa.

Istorioaren oinarrian, gain behera doan erregimen autoritario bateko jauregiko gertakizunak daude. Elena Vernham kantziler paranoikoaren azalean jarri da Winslet: dagoeneko ez da fio bere inguruko aholkulariez, eta, kontrara, soldadu fidel bezain nahasi baten pentsamenduari jaramon egiten hasiko zaio.

NATO, giza eskubideak, bideozaintza masiboa, hedabideen kontrola... eta kobaltoa ere bai. Aktualitate politikoak tarte zabala du umore beltz britainiarrez zipriztinduriko sei ataletan, baina telesaila urrun dago House of Cards eta The Thick of It klasikoen garraztasunetik. Tracyren elkarrizketek kutsu irrigarria dute, eta helburu argi bat: erabateko boterea duten agintarien joera zentzugabeak agerian uztea. Kontakizuna Trump eta Putinen garaiko alegoria izan liteke, lotsabakoa da, eta, batzuetan, dibertigarria ere bai.

Baina denak presaka egina dirudi. Protagonisten arteko tirabirei testuingurua eta gutxieneko garapen dramatiko bat falta zaie, gatazka uneek fruitu gozagarriak eman ditzaten. Pasarte askok barrea eragin nahi eta erridikulu bilakatzeko arriskua dute.

Porrota ez dagokio talentu faltari. Izan ere, atalen zuzendaritza partekatuan jardun da Stephen Frears, Erresuma Batuko ikus-entzunezkoen izen seinalatuetako bat. Emmy sari bat (State of the Union, 2021) eta telebistako hiru BAFTA besapean, Frears beteranoaren curriculuma berrogei urtean pantaila handirako egindako lan seinalatuz betea dago, tartean The Queen (2006), The Grifters (1990) eta Dangerous Liaisons (1988). Jessica Hobbs ere aritu da zuzendari lanetan, irrati drametan bide luzea egin ostean The Crown telesaileko laugarren denboraldi itxierako War atalaren zuzendaritzagatik Emmy saria eskuratu zuen emakumea.

Soinu bandaren autorea ez da gutxiagorako, Alexandre Desplat konpositore frantziarrak bitan irabazi baitu Oscar bat, Guillermo del Toro (The Shape of Water, 2018) eta Wes Andersonen (The Great Budapest Hotel, 2015) esanetara sorturiko doinuengatik. Dekorazioa, jantzitegia eta ile apainketa ere lehen mailakoak dira, eta, hala ere, lehen atala ikusita, gainerakoei kosk egitea ez da bereziki erakargarria.

Hala dio diktadoreak teleprompterrari begira: «Ez dizuet utziko Amerikaren dekadentzian erortzen. Urteetan zehar sufritu dugu, ordena globala haien ikuskeren arabera eraiki zezaten. Laguntza materiala jarri dute atzerriko erregimenetarako, haiek usteltzeko, hilketa masiboak gauzatu eta baimendu dituzte, eta kapitalismoaren gerra planetako txoko bakoitzera eraman dute. Ondo portatu eta haien jokoan parte hartu, esan digute gainerakoei. 'Nahikoa' esateko unea iritsi da». Ezin liteke esplizituago izan, eta, hain justu horregatik, totalitarismoen satiran galduta dabil The Regime telesaila.

fitxa

  • Sortzailea. Will Tracy. 
  • Aktoreak. Kate Winslet, Matthias Schoenaerts, Guillaume Gallienne, Andrea Riseborough eta Hugh Grant.
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. HBO Max eta Amazon Prime Video. 
  • Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
  • Generoa. Drama eta komedia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.