Ezarian. Sanprudentzioak

Tradizioa eta euria, gogotik

Euriari aurre egin diote milaka lagunek Gasteizen, San Prudentzio Arabako zaindariaren egunaren ospakizunetanFesta giroa izan da nagusi Armentiako erromerian, baina jende gutxiago bildu da

Eguraldi goibela egin zuen egun osoan Armentian, eta ekitaldi asko, herri kirolen erakustaldia adibidez, euripean ikusi behar izan zuten bertaratutakoek. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Santu pixontzia goitizena zergatik jarri dioten ederki asko erakutsi zuen atzo San Prudentziok Gasteizen. Euria erruz ekarri zuen Arabako zaindariak, eta, horrek, neurri handi batean, ilundu egin zuen festa giroa. Euria egin zuen egun osoan. Hotz egin zuen, eta goibel antzeanigaro zen festa. Izan ere, eguraldi petralak bizitasuna kendu zien San Prudentzioren omenezko ospakizunei. Hala, aurreko urteetan bezainbesteko jendetza ez zen bildu Armentiako erromerian —azken bizpahiru urteotan eguraldiak lagundu egin du, eta marka guztiak hautsi ditu jaiak—, baina, hala ere, festarako gogoari eutsi zioten milaka lagunek goiz eta arratsaldez. Euriariaurre egin zioten askok, eta ez zioten huts egin nahi izan tradizioari. Hori bai, euritakoa ez zuen inork utzi etxean.

Bezperako erretreta ere aterkipean ikusi behar izan zuten gasteiztar ugarik. Euria gogotik egin zuen ostiral gauean Gasteizen, baina, hala eta guztiz ere, San Prudentzioren omenezko festari hasiera emateko ikuskizuna ez zueninork galdu nahi izan, eta lepo bete zen Probintzia plaza, Arabako Aldundiko txistulari eta tronpeta jotzaileen emanaldia ikusteko.

Zelaietan, blai

Atzoko ospakizunei goiz heldu zieten gasteiztar askok, guztien gustua egiteko moduko egitaraua izan baitzen egun osoan. Armentiako zelaietan ez ezik, Gasteizko hirigunean ere nabaritu zen festa eguna. Probintzia plazan, Aldundiko txistulari eta tronpeta jotzaileen eskutik, eta hiriko kale nagusietan, danborradarekin.

Goiz-goiz hasi ziren, halaber, Armentiako zelaietako ospakizunak. Goizean goiz prest zeuden perretxiko, barraskilo, erroskilla, opil, txorizo, sagardo eta ardo saltokiak. Eguraldi kaskarrari aurre egiteko modurik onena bilatu zuten askok jan eta edateko: txosnen estalkien babespean. Hor bildu zen jendetza gehien. Zelaiak, ordea, ia hutsik egon ziren egun osoan, apenas egon baitzen aterrunerik. Abilagoak izan ziren batzuk, eta etxetik ongi prestatuta joan ziren Armentiara, euritik babesteko kanpadenda eta guzti.

Usain eta zapore goxoak erakarrita, jende dezente izan zen jan eta edari postuetan, baina gutxi batzuk baino ez ziren gelditu euskal pastela, gazta edota txorizoak erostera. «Gutxi saltzen ari gara, eguraldi honekin ez baita inor animatzen postuetan gelditzera», adierazi zuen Urduñako opil saltzaile batek goizean.

Euria, gainera, enbarazua izan zen txosna eta postu askoren jabeentzat, denbora gutxian ur asko bildu baitzen estalkien gainean, eta, tartean, ura ateratzen ibili behar izan zutelako askok. «Urteak dira ez duela hainbeste euri bota San Prudentzio egunean. Aurten marka guztiak hautsi ditu. Nik, behintzat, ez dut gogoan halakorik», zioen txosna bateko tabernariak.

Agintariak, elizkizunetara

San Prudentzio eguna zerbaitengatik bada ezaguna, elizkizun ohiturengatik da. Tradizio handiko ospakizuna da, eta, ohiturak, beste behin ere, zintzo bete ziren atzo. Goizean, Arabako agintari eta ordezkari politikoek prozesioa egin zuten, eta Mikel Asurmendi Gasteizko apezpikuak egindako mezara joan ziren ondoren. Elizkizunetan izan ziren, besteren artean, Arabako ahaldun nagusi Javier de Andres, Gasteizko alkate Javier Maroto, Batzar Nagusietako presidente Juan Antonio Zarate etaEspainiako GobernuakEAEn duen ordezkariCarlos Urkijo. Meza amaitutakoan, ohorezko aurreskua dantzatu zieten Amagoia Elosegi eta Josu Sanchez dantzariek. Gero, mokadu bat hartzeko aukera ere izan zuten politikariek, Armentiako Batzar Etxean.

Ordu berean hasi zen Arabako Dantzarien Biltzarraren ikustaldia. Basilikaren aurrean paratutako oholtzara igotako dantzariek jai giroa alaitzeari ekin zioten, eta apurka-apurka jendea batuz joan zen ingurura. Herri kirolen erakustaldia handik gutxira hasi zen, Jon Atxa harri-jasotzailearekin, besteak beste.

Arratsaldean musikari tartea egin zitzaion Armentian, Sukartaldearen kontzertuarekin. Ordutik aurrera, ordea, jai giroak Gasteizko erdigunean izan zuen jarraipena, umeen danborradarekin. Iluntzera arte, baina, euriak ez zuen atsedenik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.