Tradizioari jarraiki, urteko azken larunbatean Gabon Zaharreko Feria egingo dute Elgoibarren

Baserriko produktu naturalak dastatu eta erosteaz gain, gazta lehiaketa egingo dute larunbateko azokan

Produktu naturalak erosteko aukera izango da Elgoibarren. A. CANELLADA / ARP.
Adrian Garcia.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Usadioei jarraiki, urteko azken larunbatarekin batera azoka egingo dute Elgoibarren (Gipuzkoa). Ohikoak izaten dira azokak eta feriak urteko garaiotan, eta Elgoibarko Gabon Zaharretako Feria izaten da jendetsuenetarikoa. Baserritarrek ahalegin handiz ekoitzitako produktuen berri izateko parada eskaintzen du azokak, aproposa urte zaharreko afarirako azken orduko erosketak egin behar dituztenentzat.

Euskal Herriko produktuen 115 postu jarriko dituzte aurten. Elgoibarko kale eta txokoak erakusmahaiz beteko dira larunbatean. Foruen plazan barazki eta fruta erakusketa, lehiaketa eta salmenta egingo dute. Elizpean gazta, eztia eta baserriko beste produktuen erakusketa eta salmenta egingo dute. Lekuederren eta Kalebarren plazan, berriz, abere erakusketa izango da.

Eguerditik aitzina, Urteko Gaztaren IV. Txapelketari ekingo diote udaletxeko areto nagusian. Lehiaketak iraun bitartean, Mañukorta, Ziarda eta Meabebasterretxea bertsolarien jarduna entzun ahalko da. Bestetik, barazki eta fruta lehiaketak ere egingo dituzte. Lehiaketa guztietako sariak 13:30ean banatuko dituzte.

Festa giroa gailentzeko, musika ezinbestekoa izan ohi da, eta larunbatean ere ez du hutsik egingo. Egun osoan kalejira eta kale kantariek alaituko dute giroa. 18:00etan, Plazara Dantzara erromeria egingo dute, Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.