Gerizpean

Tren sarearen bilakaera

'Burdinbidearen 150 urte Euskadin' erakusketa irekiko dute gaur Gasteizen, Eskoriatza-Eskibelen

Azpeitian Burdinbidearen Euskal Museoan dauden lurrinezko trenetako bat. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Miranda Ebro (Burgos, Espainia) eta Olatzagutia (Nafarroa) arteko trenbide zatia ireki zutela 150 urte bete dira, eta urteurren horren harira irekiko dute gaur, Gasteizko Eskoriatza-Eskibel jauregian, Burdinbidearen 150 urte Euskadin erakusketa.

Trenaren urrezko aroa bukatu zen, baina xarma ez du galdu garraiobideak. Trenak 150 urtean Euskal Herrian izan duen bilakaera eta historia ezagutzeko aukera ematen du erakusketak. 90 argazkik, 80 objektuk eta dokumentu historikoek osatzen dute erakusketa, eta burdinbideen ondarearen balioa agerian uzteaz gain, trenaren garapenak ekonomian, gizartean eta demografian izan zuen eragina ulertzeko modua ere ematen du.

Baina, iraganari begira jartzeko ez ezik, etorkizunari begira jartzeko ere balio du erakusketak. Trenbideak kudeatzeko esparru berria Europako Batasunean, abiadura handiko trenaren eztabaida eta belaunaldi berriko tranbiak eta iraunkortasuna XXI. mendean gaiak biltzen ditu erakusketako ataletako batek. Erakusketa urriaren 18a arte dago ikusgai.

Azpeitiko Trenaren Museotik eraman dituzte objektuak Gasteizera. Tren gidarien txistua eta jantziak, geltokietako buruen kornetak, oliozko farolak, telegrafoak, takografoak, txartelak zulatzeko erabiltzen zituzten daratuluak... belaunaldi gazteek ikusi gabeko tresnak dira, eta, horregatik, ikastetxeei gonbita egin diete antolatzaileek. Erakusketarekin batera, Burdinbideen Historiari buruzko biltzarra ari dira egiten egunotan Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.