Trenaren xarma berrituz

1863. urtean egindako 'Izarra' lokomotorra zaharberritzen ari dira Bilboko Trenaren Lagunen Elkartekoak. Makinak Bilbo-Tutera ibilbidea egin zuen 1927ra arte.

Bilboko Abandoko geltokian berritzen ari dira Izarra lokomotorra. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Trena zen modernitatearen isla XIX. mendearen bigarren erdian: burdinbideek hirien arteko garraioa erraztu eta bizkortu zuten, eta industria berria lehengaiz eta langilez hornitu. Testuinguru horretan, Banco de Bilbao sortu zuen Bizkaiko burgesia handiak, trenak ekarriko zituen aukerak baliatu nahian. Izan ere, Tutera eta Bilbo lotuko zituen burdinbidea eraikitzeko helburuarekin sortu zen banku berria, eta, herrialdeko indar politiko eta sozialekin batera presio taldea eratuta, trena Bilbora ailegatzea lortu zuten 1863ko abuztuaren 31n.

Orduz geroztik asko aldatu dira garraiobideak, baina iraultza horren lekuko diren makina zaharrek antigoaleko tresnen xarma dute. Hala da, behintzat, Bilboko Trenaren Lagunen Elkartekoentzat. Egunotan Bilbo-Tutera linean zehar ibilitako Izarra lokomotorra zaharberritzen ari dira Abandoko geltokian: datorren urtean 150 urte beteko ditu, eta urteurrenera dotore iristeko ahalegintzen ari dira trenaren maitale bilbotarrak. Bizkaian dagoen lokomotorrik zaharrena da Izarra. Elkarteko idazkari Javier Garciak azaldu du euriak eragindako higadurak eragin diola kalterik handiena lokomotorrari. «Galdararen aldera ura sar ez dadin saiatzen ari gara; denbora luzez aire zabalean egon da». Horretaz gain, egoera txarrean dauden burdinazko xaflak eta torlojuak aldatuko dituzte, betiere «jatorrizko eredua kontuan hartuz». Bukatzeko, makina lixatu eta margotu egingo dute. Garciak adierazi duenez, ez da Izarra-ri pintura geruza bat emango dioten lehen aldia: «Hainbat alditan margotu dute. Azken aldia 1999. edo 2000. urtean izan zen».

Joan den maiatzean hasi ziren lokomotorra atontzen, baina lanak bukatzeko eperik ez dute zehaztu. Garciaren hitzetan, «astialdiaren arabera» antolatzen dituzte egin beharrekoak. Hortaz, Trenaren Lagunen Elkartekoek ondare industrialaren elementu garrantzitsu hori zaharberritzeko ardura osoa bere gain hartu dute. «Obra hau guk ordaindu behar ez izateko bide bat bilatzen aritu gara. Monumentu bat da, eta norbaitek arduratu beharko luke horren balioa nabarmentzeaz. Oraingoz, Adifek pintura ordaintzen du, eta guk eskulana jartzen dugu», jakinarazi du Garciak. Etorkizunera begira, lokomotorra babestuko den estalpe bat ezartzeko eskatu du.

Mende bateko lana

1927ra arte ibili zen Izarra lokomotorra Bilbo eta Tuteraren arteko ibilbidea egiten. Urte horretan, Basauriko Baskonia lantegiak erosi zuen (Bizkaia), fabrika barruan lehengaiak eta bagoiak mugi zitzan. Bertan, ia beste berrogei urtez aritu zen lanean, 1966an merezitako erretiroa eman zioten arte. Horrenbestez, 103 urtez ibili zen beharrean Izarra.

Denbora luze horretan, zeuden premietara egokitzeko, makinaren egituran eraldaketak egin zirela azaldu du Garciak. «Baskonian zegoenean, kabina itxia zeukan, orain ez bezala. Gaur egungoa da jatorrizko forma; denboraren poderioz itxi zuten kabina, makinistaren eta ikazkinaren lana errazteko». 1974. urtean, burdinerian bukatzeko zorian egon zen lokomotorra, baina Bilboko Trenaren Lagunen Elkarteak Abandoko geltokian monumentu modura jartzea lortu zuen, eta bertan dago harrezkeroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.