ATZEKOZ AURRERA

Tresna izaten jarraitzeko

Urteari errepasoa eman dio Basque Teamek, goi mailako euskal kirolariak batzen dituen taldeak; besteak beste, Rioko Jokoei buruz BERRIAk egindako lan berezia nabarmendu dute.

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2016ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Rioko Jokoetara iritsi ez direnak, iritsi bai baina nahi baino emaitza txarragoekin itzuli direnak, diplomarekin eta dominekin itzuli direnak. Goi mailako euskal kirolarien euskarri eta sustatzaile da BAT Basque Team, eta guztiei gorazarre egin diete Donostiako Tabakaleran, babesle, instituzio, entrenatzaile eta senitartekoz betetako aretoan.

Gutxi barru beteko ditu hamar urte taldeak, 2017arekin. Egindako bidea zoriondu, eta «beste horrenbeste gutxienez» betetzea opatudio Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak. «Baina zer da BAT?», jarraitu du. «Tresna bat da, goi mailako kirolariak helburu dituena. Haietako bakoitzak, bere alorrean, ordezkatzen ditu anbizioa, lehiakortasuna, elkarbizitza eta elkartasuna; gizarte honek maite ditu balio horiek, eta kirolariongan identifikatzen ditu».

Podiuma osatzeko adina domina irabazi dituzte euskal kirolariek Rion, eta Tabakaleran ere banan-banan saritu dituzte: Amador Granadosen brontzea, Asier Garciaren zilarra eta Maialen Chorrauten urrea. Domina lortzeko egindako lan andanaz eta jasandako presioa arinduz hitz egin du Chorrautek: «Bidean izandako momentu onekin gelditzen naiz; gainera, 2017an, erronka polita daukagu Pauen [Munduko Txapelketan]». Granadosek, berriz, urritasun fisikoa duten kirolarien esfortzua nabarmendu du: «Beste edozein kirolariren entrenamenduak ditut nik ere: domina paralinpiarrek besteek bezainbeste balio dute. Inork ez digu ezer oparitzen: ordu asko eta esfortzu asko eskatzen digu; eta, batez ere, seriotasun osoz lan egiten dugu».

Agurren tartea ere izan da, BATen parte izan diren zenbait kirolarik erretiroa hartuko dutela iragarri baitute azken urtean: Jon Erguinek, Hodei Mazkiaranek, Elaia Torrontegik, Mikel Odriozolak, Richard Oribek eta Maider Undak. Igeriketak emandakoa transmititu nahi die Oribek belaunaldi berriei, eta harro agertu da eginiko ibilbideaz: «Orain beste helburu batzuk ditut, baina sei aldiz izan naiz Olinpiar Jokoetan, eta garun paralisia duten igerilarien artean emaitza onenak neronek izan ditut». Urte luzez kirolean aritzeko aukera eduki duela azaldu du Undak, lesioak lesio. BATeko lagunei eta instituzioei eskerrak emateaz gain, aldarrikapen mezua ere eman du: «Gurearen moduko kirol gutxituetan laguntzarik ez badaukagu, BAT edo instituzioetatik jasotzen duguna bezalakoa, oso zaila da aurrera egitea: hedabideei esker ezagunagoak izateak bidea errazten du».

Tokiotik euskaraz aritzeko

Komunikabideen rolaz ohartuta,BATek BERRIA egunkariak Rioko Olinpiar Jokoetan egindako lana goraipatu du. Enekoitz Telleria eta Imanol Magro kazetariak Riotik aritu ziren lanean, eta Andoaingo erredakzioan lantalde berezia osatu zen papererako eta webgunerako. BERRIAk eta Euskaldunon Egunkaria-k Olinpiar Jokoetan aldiro eginiko ahalegina azpimarratu du Telleriak: «Atlantan hasi ginen, kanpadenda batean eta kronikak faxez bidaltzen; Sidney, Atenas, Pekin, Londres. Jendeak ez du jakingo, baina esan nahi nuke Londreskoak iritsi arte kreditaziorik gabe aritu ginela. Londresen lortu genuen lehena: han izan ziren Magro eta Unai Zubeldia. Aurtengoa mugarri bat izan da gurean, bi kreditaziorekin jardun dugulako: sekulako lorpena izan da guretzat». Kirolariei eskerrak eman dizkie Telleriak, baldintza horietan laguntzeagatik.

Hurrengo Jokoetara begira jarri da Magro: «Euskaraz idazten duen gure moduko egunkari txiki batentzat, halako erronka oso handia da; ahalegin ekonomiko eta humano handia eskatzen du. Rio gogoratzea ondo dago, baina burua Tokion izan behar dugu: han ere egon daitezela bi kazetari euskaraz informatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.