Zaldibarko (Bizkaia) udako San Andres jaiek atzo egin zuten eztanda, txupinazoa botatzearekin batera. Igandean bukatuko dira, baina uztailaren 17ra arte giro ona eta orotariko ekitaldiak izango dira. Egun horietan guztietan, kirolak, musikak, arteak eta ondo pasatzeko gogoz dabilen jendeak hartuko dituzte herriko kale eta plazak.
Jaiak hasi baldin badira ere, asteburuaren bueltan ekintza mordoa prestatu dute zaldibartarrek. Gaur kalejirak, pilota partidak, jolasak eta kontzertuak izango dituzte, besteak beste.
Musika, kirola eta artea
11:00etatik aurrera, trikitia nagusituko da herriko kaleetan. Izan ere, Euskal Herriko trikitilari gazteen azken txapelketan garaile izan diren trikitilariak inguratuko dira Bizkaiko herri horretara. Urtero gonbidatzen dituzte Zaldibarrera trikitilari txapelketa irabazi dituzten gazteak, eta aurten ere usadio horri eutsi diote. Kalejira amaitzean, 12:00etan, meza izango da San Andres parrokian.
Arratsalde aldean, 17:00etatik 20:00ak bitartean, eskulanen erakusketa egingo dute Jubilatuen Etxearen azpiko solairuan. Han, urte osoan helduek tailerretan egindako eskulanak erakutsiko dituzte. Erakusketa margo edo eskulturetan oinarrituko da, besteak beste. Zaldibarko helduek egindako artelanak hiru egunezikusi ahal izango dira. Igandera arte, ordu berean egongo da zabalik.
18:00etan, berriz ere musika itzuliko da Zaldibarko kaleetara. Izan ere, Eibarreko Ustekabe fanfarrearen musikak kaleak hartuko ditu beste behin ere. Aurreko urteetan ere herrian izan ziren, eta sortutako giro ona ikusita, aurten ere berriro ekarriko ditu txosna guneak.
Kalean musika dagoen bitartean, Olazar pilotalekuan afizionatuen arteko pilota partidak jokatuko dira. 18:30ean, buruz burulehiatuko dira Jaka eta Elezkano II.a. Gero, binaka arituko dira Azpiri eta Landaburu, Ansotegi eta Diezen aurka. Partida horiek Zaldua Kirol Elkarteko pilota taldeak antolatzen ditu, urtero, egun berean.
Arratsaldeko azken ekitaldian, 19:00etan, haurren arteko olinpiadak egingo dira, herriko eskolan. Han, gaztetxoenek ondo pasatzeko aukera izango dute, jolastu eta kirola egiten duten bitartean.
Kontzertuak txosna gunean
Gaua helduta, rocka txosna guneaz jabetuko da. 22:00etan hasita, Disorders herriko taldea igoko da lehenbizikoz agertokira. Eskaintza berezia ekarriko dute, hardcore eta streetpunk doinuak txalapartarekin uztartzen baitituzte.
Horien ondoren, Bizardunak talde iruindarrak hartuko du lekukoa. Talde nafarrak folk irlandarra du oinarri, The Dubliners eta The Pogues taldeen eragin handia baitu. Hori guztia hitz garratz eta umoretsuekin uztartzen du, kritikotasun handiko abestien hitzetan. Nafarrek oso estilo berezia dute, hain zuzen ere, «euskal folk erradikala» deitu izan dutena. En Zugzwang bigarren diskoa 2010ean kaleratu zuten, eta geroztik plazaz plaza ibili dira.
Festa giroak pizturik jarraituko du asteburuan. Kirola, musika eta artea izango dira aurtengo protagonista. Zaldibarrera joaten direnek, aipatutako ekintzez gain, arku jaurtiketa, herriko gastronomia, kalejirak, bertsolariak, kontzertuak eta su festa giro gozoan disfrutatu ahal izango dituzte.
Jaiak. Sanandresak Zaldibarren
Trikiti doinuak eta pilota partidak gaur
Arteak, musikak eta kirolak Zaldibarko kale eta plazak hartuko dituzte udako San Andres jaietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu