Urte askoan bildutako informazioa «denen eskura» jartzeko helburuz jarri du martxan Aranzadi elkarteko Historiaurrea atalak Gipuzkoako monumentu megalitikoen eta aztarnategien bilatzailea. Aranzadiren www. aranzadi-zientziak.org webgunean jarri dute bilatzailea, Arkeologia atalean. Trikuharriak, tumuluak, harrespilak eta bestelako aztarnak aurki daitezke, kokagunearen, aztarna motaren eta garaiaren arabera. «250 monumentu baino gehiago jaso ditugu», dio Manu Zeberiok, Aranzadiko Historiaurrea ataleko zuzendariak (Donostia, 1977).
Datu base aberatsa da, monumentu bakoitzaren koordenadak, azalpen zehatza eta argazkiak eskaintzen baititu bilatzaileak, arin-arin. «Interesa duen jendea trikuharriak eta bestelako monumentu megalitikoak dauden lekuetara joatea nahi dugu; horretarako ematen dugu informazio zehatz hori».
Oraingoz, bakarrik Gipuzkoako monumentuak daude datu basean, baina lurralde gehiagotara zabaltzea ez dute baztertu. «Ahalegin handia eskatzen du lan horrek, eta bitartekoak ez dira asko. Ikusiko dugu aurrerago lurralde gehiagotako monumentuak ere jaso ditzakegun bilatzailean».
Izan ere,ez da batere erraza izan batik bat mendietan «eta sarritan sasi artean» ezkutaturik gordetzen diren monumentuen ezagutza metatzea. Urte askoan lortutako ezagutzak eman du modua orain bilatzaile hau martxan jartzeko. «1982an atera genuen Gipuzkoako lehen karta arkeologiakoa, ordu arte ezagutzen genituen aztarnategi guztiekin. Orduz geroztik datu ugari bildu dira, eta karta gehiago azaldu dira», dio Zeberiok.
Datu basea eguneratu
Kontua da datu basea «bizirik dagoen elementu bat» dela, Aranzadin ezagutzen baitituzte egiaztatu gabe dauden hainbat eta hainbat aztarna. Egiaztatzen diren heinean, datu basera sartuko dituzte. «Iaz, arrasto berriak azaldu ziren hainbat lekutan; datu baseak noizbehinka eguneratzea eskatzen du». Horrez gain, Aranzadiren bilatzailearen mapak Gipuzkoako gaztelu, herri gotorleku eta beste hainbat aurkikuntza jasoko ditu luze gabe.
Aplikazio berriarekin, erabiltzaileak, tumulu, harrespil eta trikuharriak kokatzeaz gain, informazio zehatza bilduko du. Alderdi didaktikoari begiratuta, ondare kulturala ezagutzeko aplikazio egokia da. Monumentu megalitiko bakoitzari dagokion fitxak argazkiak ere eskaintzen ditu, beste informazio batzuekin batera: megalitoaren deskribapena, haren inguruan egindako lan ikerketak, bibliografia eta estruktura planoak. Horrez gain, PDF formatuan ere eskura daiteke aldundiarekin egin zen karta arkeologikoan argitaratuta dagoen fitxa bat.
Manu Zeberiok dioenez, Gipuzkoako lurralde osoan zehar aurki daitezke monumentu megalitikoak. «Aizkorri, Andatza, Aralar, Aratz-Altsasu, Hernio, Izarraitz, Jaizkibel... lurralde honetako toki askotan daude antzinako arbasoen testigantza megalitikoak. Harkutxa, harrespila, tumulua, trikuharria edo zutarria izan daitezke». Neolito garaikoak dira antzinakoenak, duela 4.000-5.000 urte artekoak.
Adibide bat jartzearren: «Aizkorri», «Trikuharriak» eta «Neolitikoa eta metal aroa» aukerak markatuz gero, honako emaitza hauek azalduko dira: Aizkorritxo, Artzanburu, Gorostiaran mendebaldea, Kalparmuñobarrena, Pagarreta eta Pagobakoitza. Aizkorritxo aukeratuz gero, berriz, «Trikuharri luze ireki bat» dela jakingo dugu; «18 m-ko diametroa eta 2 m-ko altuera dituen tumulu bat du. Erdialdean 4 x 3,5 m-ko diametroa eta 0,95 m-ko sakonera duen krater bat dauka, honen mendebaldeko alboan, Ipar-Hego norabidean lerrokatuta eta barrurantz kulunkatuta, bi ganbara-harlauza aurkitzen direlarik». Azalpen laburra, baina eraginkorra. Jose Migel Barandiaranek aurkitu zuela ere esaten du fitxak, 1917an aurkitu ere; eta dagokion PDFan, lau argazki aurkituko ditugu.
Trikuharriak banan-banan ezagutzeko
Aranzadi zientzia elkarteak monumentu megalitiko eta aztarnategien bilatzailea jarri du Interneten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu