Ordu aldaketa izango da goizaldeko hiruretan. Aldatu egingo dira erlojuak, eta ordu biak izango dira berriz. Orratzen soinu berrira moldatuko da gure bizimodua ere, eta izan dezake horrek umorean eraginik. Maite Elizondo psikologoak dioenez, biologiak azal dezake aldaketa hori. Baina indar handia du sugestioak ere kasu honetan; hau da, maiz, gehiago eragiten digu ordu aldaketaz dugun ideiak ordu aldaketak berak baino.
Ordu aldaketak ba al du eraginik jendearengan?
Bakoitzaren araberakoa da hori. Norberak aldaketak kudeatzeko duen gaitasunaren eta eguneroko bizitzaren arabera. Faktore horien arabera, handiagoa edo txikiagoa izan daiteke aldaketa. Dena dela, ez da eragin handiegia, ordu bakarreko aldaketa delako. Gehiago igarriko genuke, adibidez, hiru edo bost ordukoa balitz. Hala ere, badago eragina azaltzen duen prozesu biologiko bat.
Zein da prozesu hori?
Begiko erretinaren bidez argia jasotzen dugu, eta garunera heltzen da informazio hori. Horrek lagundu egiten gaitu gure hormona mailak erregulatzen. Serotonina neurotransmisorearen maila, adibidez, jaitsi egiten da argi faltagatik, eta zer esan handia du horrek gure egoera animikoan. Bat-bateko aldaketak ekar dezake pixka bat tristeago, nekatuago eta suminago egotea. Neguan luzatu egin daitekeen egoera bat da hori. Gainera, aldaketak, kolpean ematen denez, gure erritmo zirkadianoari ere eragiten dio, hau da, loaren eta egunaren arteko txandatzeari. Lehen aipatu ditugun eraginek loan eraginik badute, atentzio gaitasunari eragin diezaioke, eta, ondorioz, baita lanean eta jendearekiko harremanetan ere. Berez oinarri patologikorik izanez gero, handitu egin daiteke aldaketaren eragina.
'Daiteke' hitza darabilzu behin eta berriz.
Bai, pertsonaren araberakoa delako dena, eta, betiere ordu beteko aldaketaz ari garenez, eragin maila, orokorrean nahiko txikia delako. Gorputzak badu edozein egoeratara berehala moldatzeko gaitasuna, baita kasu honetan ere. Segituan hartzen da erritmo normala.
Umeei eta zaharrei eragiten omen die gogorren ordu aldaketak. Zergatik?
Bai, haurrei, batez ere. Helduok gauza ezberdinak egiten ditugu, baina haurrek oso markatua dute eguneroko errutina hori, eta horregatik igartzen dute gehiago aldaketa.
Gogorragoa omen da udako ordutegi aldaketa, egunak ordu bat gutxiago duelako, gaur egingo duguna baino. Egia da?
Biologikoa baino gehiago da psikologikoa hor azalpena. Udaberrian handitu egiten da depresio eta suizidio kasuen kopurua. Argi ordu gehiago izanik, gauza asko egin nahi izaten ditugu, eta ez dugu nahi dugun guztirako denborarik izaten. Gainera, badirudi, eguraldiagatik pozik egon beharra dagoela, eta, norbait hala sentitzen ez bada, okerrago sentitzen da.
Zer egin dezakegu gaurko aldaketaren eragina txikitzeko?
Asko hitz egiten da gaiaz, eta, azkenean, erdi sugestionatuta gaude denok. Baldintzatu egiten dugu geure burua, nolabait ere. Lasai egotea da garrantzitsuena, aldaketa txikia baita oso. Kirol gehiago egitea, etxean beharrean, kanpoan denbora gehiago ematea, eta gustuko gauzak egiteak lagun dezakete egoera berrira ohitzen.
«Tristeago eta suminago egon gaitezke ordu aldaketagatik»
Biologikoki izan dezake eraginik ordu aldaketak, baina pertsonaren araberakoa da hori, Maite Elizondo psikologoaren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu