Errege izan nahi baina inoiz erregetzarik lortu ez zuten sei erregegai karlistaren bizitza ezagutzeko aukera ematen du Reyes sin trono. Los pretendientes carlistas de 1833 a1936 erakusketak (Tronurik gabeko erregeak. Erregegai karlistak 1833tik 1936ra). Lizarrako Karlisten Museoan zabaldu dute, eta abenduaren 9ra arte ikusi ahal izango da.
Karlos V.a; haren semeak, Karlos VI.a eta Joan III.a; Karlos VII.a; Jakue III.a eta Alfontso Karlos I.a erregegai karlistak dira erakusketaren protagonista. Espainiako tronuan esertzeko eta agintzeko aukerarik izan ez zutenez, haien bizitza pribatua eta ibilerak kontatzen dira erakusketan. «Erakusketaren helburua da erregegai karlisten irudi ezezagun samar bat hurbiltzea», dio Olaia Nagorek, Lizarrako Karlismoaren Museoko teknikariak. Horregatik, erregegai bakoitzaren bizitza, haien familien ibilerak, jaso zuten trebakuntza eta aisialdi garaiak kontatzen dira. Erregegaion izaera eta jarduera politikoa ulertzeko aukera ere ematen du erakusketak.
Erakusketa aretoan sartu bezain azkar, 1830eko Europako estatu absolutistak islatzen dituen mapa bat ikus daiteke. Karlistek harreman zuzena izan zuten herrialde horietako askorekin, eta, maiz, hango armadetan aritu ziren. Hainbat argibide taulak errege horien bizia eta ibilbidea laburbiltzen dituzte. Baina, historiaz landa, pertsona horien 170 objektu ere ikus daitezke; askotariko piezak, gainera: argazkiak, agiriak, lan artistikoak eta jantziak. Objektuetako batzuk Karlismoaren Museoan zeuden edo Alderdi Karlistaren gordailukoak dira, baina gehienak hainbat erakundek utziak dira: Nafarroako Museoak, Julio Caro Baroja Museo Etnografikoak, Artxibategi Nagusiak, Zumalakarregi museoak, San Telmo museoak eta Loiolako Artxibo Historikoak, besteak beste.
Hainbat bitxikeria
Karlos V.a karlisten lehen erregegai izandakoaren bizitzarekin abiatzen da erakusketa. Fernando VII.aren —hark tronua lortu zuen—anaia izan zen, eta gortean hezi eta bizi izan zen, baina gero deserriratu egin zuten. Erakusketan, Karlos V.aren, bere lehen emaztearen —Teresa Bragantzakoa— eta harekin izandako hiru haurren irudiak ageri dira, besteak beste. Bereziak dira oso, boli gainean margotutako erretratu txiki-txikiak direlako, miniaturak. Erbestean izandako arazo ekonomikoak ere azaltzen dira hainbat agiritan. Ondarerik gabe, maiz objektu pertsonalak saldu behar izaten zituzten gortean izan zuten bizi-maila erosoari eusteko. Horrela, diamante salmenta batekin lortutako etekinak erakusten dituen faktura bat ikus daiteke.
Erregegai horien artean, batzuk bidaiari handiak izan ziren, batez ere Joan III.a. Karlos VI.aren anaia izan zen, eta oso denbora tarte txikian izan zen erregegai, sei edo zazpi urte. Horregatik-edo, erregegai karlisten artean «ezezagunena» dela uste du Nagorek. «Liberal izatea egotzi zioten, eta uko egin zion erregegai izateari. Asko bidaiatu zuen; lur polarretan egon zen; animaliak lastoztatzen zituen; eta argazkilari ere izan zen», esan du Nagorek.
Erresuma Batuan, Londresen bizi izan zen Joan III.a, eta esan daiteke argazkigintzaren aitzindarietako bat izan zela. Erakusketan, Londresko zoologikoan hainbat animaliari ateratako argazkien erreprodukzioak daude.
Karlos VII.aren inguruan, Pierre Benoitek 1920. urtean idatzitako liburua ere ikus daiteke,Pour Don Carlos (Carlosen alde). Liburu horretan oinarrituta geroago egin zen film mutuaren zati batzuk ere ikus daitezke erakusketan. Lana 1921ean filmtu zen, eta aurkezpen liburuxka ere jarri dute erakusketan. Kalitatea ez da oso ona, baina erregegaiak bere jarraitzaileen artean izan zuen garrantzia islatzen du.
Bisita antzeztuak
Erakusketan dauden piezen artean azpimarratzekoak dira, halaber, Jurgi I.a Greziako erregeak Karlos VII.ari oparitutako eskuko bikiak. Kristo aurreko IV. mendeko urrezko txanpon batzuekin eginak daude. Ezin aipatu gabe utzi, oso arraroak direlako, Karlos VII.aren hiletaren irudiak. Erregegaia Varesen lurperatu zuten (Italia), 1909an. Jakue III.ak Austriako armadako akademian jantzi zuen uniformea ere ikus daiteke. Erregegaia Errusiako Armadan egon zen. Erakusketak ez du biltzen 1936tik aurrera karlistek izan zuten bilakaera.
Erakusketa aitzakia hartuta, bisita antzeztuak antolatu ditu museoak. Maiatzean hasiko dira bisita antzeztuekin, eta euskaraz eta gaztelaniaz eginen dituzte. Goizez, 11:30ean eta 12:30ean izanen dira; eta arratsaldez, 16:30ean eta 15:30ean. Ekainean, uztailean, abuztuan, irailean, urrian eta azaroan ere eginen dira bisitak, baina bakarrik arratsaldez. Aipaturiko sei erregegai karlisten bizitza kontatuko du garai hartako emakumezko pertsonaia batek. Pertsonaia horrek berak parte hartuko du Irantzuko Lurrak elkarte turistikoak maiatzaren 27an antolatu duen tropa karlisten desfilean. Desfilea Lizarran eginen da.
ERAKUSKETA
Izenburua. Reyes sin trono. Los pretendientes carlistas de 1833 a 1936. (Tronurik gabeko erregeak.)
Ordutegia. Igande eta jaiegunetan izan ezik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Astelehenetan, itxita.
Tronurik gabeko erregeak
Erregetza lortu ez zuten erregegai karlisten bizitzari buruzko erakusketa bat ireki dute Karlisten Museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu