Meatzarien oroimenak bizirik dirau. Gallartako Meatzarien Museoak (Abanto, Bizkaia) bertako meategietan lan egin zutenen testigantzak eta oroitzapenak biltzen ditu, euren eskulan eta ekimenaz gain. Izan ere, meatzari ohiak izan ziren museoaren oinarriak jarri zituztenak, eta joan den abenduaren 4an omenaldia jaso zuten meatzarien patroiaren egunean, Santa Barbara egunean. «Egun polita igaro genuen; garai bateko kontuak gogoratzeko aprobetxatu genuen», dio Antonio Yunquera gallartarrak.
Garai horietako kontuak gogora ekartzeko, Yunquera (90 urte), Karmelo Uriarte (80 urte), Domingo Blabe (92 urte) eta Jose Mari Diaz (73 urte) elkartu ditu BERRIAk, meatzaritza era tradizionalean egiten zeneko lekukotza biltzen duten beteranoak. Izan ere, 60ko hamarkadan makinak sartzen hasi zirenean hasi zen ofizioa aldatzen, lan baldintzak hobetzen. Ordura arte, bestelakoa zen egoera. Lauretatik Uriarte izan da meatzari moduan erretiratu den bakarra, eta garapena bertatik bertara ezagutu duena, baina, edozein modutan, denek dute euren burua meatzaritzat. Zein baldintzatan lan egitea egokitu zitzaien gogoraraztea eta ezagutaraztea da euren helburua. «Batzuek lan handia egin behar izan baitute, beste batzuek gaur egungo bizimodua gozatu ahal izateko», Yunqueraren hitzetan.
Baldintza gogorrak
«Zakuak buruan jarrita ikusten dira hango argazkian; horrela oroitzen dut nik nire aita», dio Yunquerak museoko erretratu bati begira. XX. mende hasierako kontuak dira, langileek lanerako euren arropa propioa erabili behar zutenekoa. Etengabeko xirimiria egoten zela gogoan du: bakailaoa garraiatzeko erabiltzen ziren zakuak jartzen zituzten burutik behera eta gerritik lotuta eguraldiari aurre egiteko. «Berdin zuen euria egin ala ez, bero ala hotz. Egunero lanera joan behar zen, eta lan egiten zenuen orduen araberako soldata jasotzen zenuen», dio. Zerupean egin beharreko lana zen, eskuz harriak txikituz. Baldintza gogorretan. Yunquera egoera horretan beharrean aritutakoa da, 1934an 12 urterekin hasi, eta 1936ko gerraren hasiera arte. Ondoren, industrian, «lan ordutegi okerragoa geneukan, guda garaia baitzen, baina aterpean lan egiten genuen behintzat».
Karmelo Uriarte geroago hasi zen lanean Gallartako meategietan, 1949 inguruan, 17 urterekin. Hartan oraindik lan gogorra zen, eskuz egiten baitzen guztia, «baina ez garai batean bezainbeste», dio. Zortzi orduko lanordua betetzen zen hura sartu zen garaian, edo bestela eguneko lana bete behar zen. Alegia, 15 tona burdina mineraleko beharra zeukaten egunero. «Eta soldataren gehigarritxo bat jaso nahi baldin bazenuen ardo porroi bat hartzeko, ordu gehiago egiten zenuen». Hala ere, nahikoa egiten zuten.
Baina Uriartek XX. mende erdi aldera egiten zuen lana ez zen alderagarria gurasoek egiten zutenarekin. «Eguneko hamabi eta hamasei ordu bitartean lan egiten zuten 1890 eta 1910 bitartean», dio. Garai horietan izan ziren Gallartan eta Bizkaiko beste meategietako lanuzte entzutetsuak, «iraultzaileak», Uriartek definitu legez. Denbora tarte horretan, sei greba orokor egin zituzten, zein baino zein entzutetsuagoak. «Lanuzte horien indarra kontuan hartzeko, pentsa, goi kapitainak etortzen ziren kontrolatzera». 1890eko lanuztea izan zen, esaterako, langileen lehen garaipen handia, Loma kapitainarekin erdietsi zuten akordioari esker. Bertan, meategi konpainiak ezartzen zituen barraketatik kanpo lo egin zezaketela adostu zuten, baita langileek euren soldata nahi zuten lekuan gastatzeko eskubidea ere, ordura arte erosketak meategietako taberna eta dendan egitera behartuta baitzeuden. Eta, azkenik, lanegunak hamar ordutan ezarri zituzten. «Greba horiek nik zuzenean ezagutu ez baditut ere, nire gurasoek bertatik bertara nozitu behar izan zuten hori guztia, eta ahoz transmititu zidaten niri», Uriarteren hitzetan.
«Garai latzak ziren, bizitza gogorra baitzen. Gutxi irabazi, gutxi gastatzeko», dio Domingo Blabek. 17 urte zituela hasi zen hura ere 1937an, eta bost urte egin zituen Gallartako meategietan beharrean. Bolborategian lan egin zuen, kargetarako materialak lotzen, «harria indartsu ateratzen baitzen eztandaro». Ondoren, zerrendari lanetara igaro zuten, lan fisiko gutxiago eskatzen zuen postura. «Gerrako garaia zen, eta kontzentrazio esparruetatik jende asko ekarri zuten, baina gehienak lan fisikoa egitera», eta, horregatik, Blabe jarri zuten bulegoko lana egitera. Garai horietan lan baldintzak apur bat hobetu egin zirela oroitzen du, 1940an euriarengatik gehigarri bat jarri baitzuten, eta jaiegunengatik ere kobratzen hasi ziren langileak. Orduan hasi zen baita ere pentsio tankerako sistema bat ezartzen, Blabek oroitzen duenez. «El retiro del perro gordo deitzen genion, eta soldatatik %1 kentzen ziguten, alegia 3 pezeta hileko», eta 65 urte betetzerakoan, erretiroa kobratzen zuten. «Baina gehienek ez zuten diru hori gozatu ahal izan, gehienak lana uzterako hiltzen baitziren», dio Blabek. Edozein modutan, hilero 3 pezetarekin ere ez zen askorako iristen, eta meatzari ohi askok eskean amaitu behar izan zuten.
Belaunaldiz belaunaldi
Lan baldintzak gogorrak baldin baziren ere, beharra aurkitzea izugarri erraza zen joan den mende hasieran. «Espainiatik zetozen trenak goizez iristen ziren lan egiteko jendez gainezka, eta oheratzen zirenerako lana topatua zeukaten», dio Jose Mari Diazek. Lana belaunaldiz belaunaldi igarotzen zen gainera, eta alde horretatik «ez zegoen gaur egungo zailtasuna lana topatzeko garaian». Lan baldintzak gogorrak ziren edozein modutan, eta meatzari askok lana utzi egin zuen industriara joateko. Horregatik, baldintzak «humanizatzen» hasi ziren. «Askok galdetu izan didate ea horren gogorra zen lana, eta nik berdina esaten diet: joan zaitez hondartzara, egon zortzi ordu pala batekin kubo bat betetzen, eta gero bota ezazu uretara. Baina pentsa hori, mineralarekin». Horrelakoa zen lana, Diazen hitzetan.
1953an sartu ziren lehen kamioiak meategietan, eta 60ko hamarkadatik aurrera lana mekanizatu egin zen erabat. Harriak eskuz zulatzetik mailu mekanikoak erabiltzera igaro zen, eskabadorak sartu ziren... Garai hori ere ezagutu zuen Uriartek, zundaketatan espezializatu baitzen. Askoz ere industrialagoa zen, material gehiago ateratzen baitzen harrobietatik. Baina makina horiek guztiak erabiltzea gastua zen, eta, horregatik, «non zulatu begiratu behar zen». Era horretan ibili zen Espainia guztian zehar, meak utzi zituen arte. Hura, ordea, beti izango da Gallartako meatzari. «Pixkanaka, inguruko meategi guztiak ixten joan ziren, minerala amaitu egin zelako»; azkenengoa, 1993an. Orduz geroztik, iraganaren ikur ugari daude Gallartan, Concha II.a meategia esaterako. Meatzari ohiek bezainbeste esan dezakete ikur horiek iraganari buruz.
Ezarian. Meatzaritza
Tunel ilunetik itzultzen
Meatzaritza ahanzturatik ekartzeko lanetan ari dira Gallartako Meatzarien Museoan. Boluntario gisa joaten dira bertara iragan mendean baldintza gogorretan lanean aritutako hainbat meatzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu